Foru Hobekuntzaren erreforma aztertzeko lantaldea osatuko dute

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lantaldea sortzeko eskaera erregistratu dute

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkura bat, irailean. PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Azkenean. 2019ko akordio programatikoan jaso zen lantalde bat sortuko zela Foru Hobekuntzaren berritzea aztertzeko, baina azkenean ez zen ezer egin. 2021ean Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidaren testuinguruan, lantaldea sortzeko konpromisoa onartu zen gehiengoz Nafarroako Parlamentuan, baina azkenean ez zen ezer egin. Iaz, estatutuaren 40. urteurrenean, aukera hori aipatu zen berriz, baina azkenean ez zen ezer egin. Legealdi honetarako akordio programatikoan, berriro ere ekinaldi hori abiarazteko asmoa jaso zen, eta, inbestidura saioan, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak konpromiso publiko hori hartu zuen. Oraingoan, gainera, sozialistek ezin izan dute gai hori gehiago atzeratu: PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak lantaldea osatzeko eskaera erregistratu dute parlamentuan.

Lehen urratsa baino ez da, eta oraindik bere bidea egin beharko du. Lehenik, datorren asteleheneko Parlamentuko Mahaiko eta Eledunen Batzordeko bilkuran bide emango zaio eskaerari. Handik, Foru Erregimeneko Batzordera pasatuko da eskaera, eta haren esku egongo da lantaldea sortu edo ez. Sinatzaileek gehiengoa dutenez, ez luke arazorik egon behar. Lantaldea osatzen denean, bertan parte hartuko dutenek aztertuko dute zer egutegi izango duen. Luze jo dezake eztabaidak, baina proposamenak jasotzeko eta entzuteko foroa sortzeko urratsa egin da behingoz.

Eskaeran jasotzen denez, gaur egungo Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari Buruzko 13/1982 Lege Organikoaren berritzea aztertuko du lantaldeak, «XXI. mendeko herritar nafarrenerrealitate sozialera egokitzeko asmoz». Testuak gogorarazten duenez, iaz 40 urte bete ziren Nafarroako legediaren eta instituzioen oinarri den lege hori indarrean sartu zenetik. Zehazki, 1982ko abuztuaren 10ean jarri zen abian, nafarren artean haren edukiari buruzko erreferendumik egin gabe. Eskaerak gogora dakar, halaber, 2021eko azaroan Nafarroako Parlamentuko gehiengoak ebazpen bat onartu zuela: duela bi urteko beste agiri hark zioen lantaldea bultzatu behar zuela legebiltzarrak, eta talde guztiek izango zutela tokia.

2004an ere izan zen

Ez da halako lantalde bat osatzen den lehen aldia parlamentuan. Seigarren legealdian, 2004tik 2005era bitartean, lanean aritu zen autogobernuaren lantaldea. Mahai haren bueltan entzun ziren Foru Hobekuntzaren berritzeari buruzko proposamenak. Ekinaldi hark porrot egin zuen, orduko alderdiak ez baitziren gai izan ados jartzeko.

Hemeretzi urte iragan dira geroztik. Normala denez, ordukoaren bestelako osaera du gaur egungo parlamentuak, baina, funtsean, alderdi nagusiak modu batera edo bestera ordezkatuta daude. Ikusi beharko da zer jarrera eta proposamen ekartzen dituen talde bakoitzak.

Eskuinari dagokionez, litekeena da zalaparta handia eragitea lantaldeak berak. Proposamenei dagokienez, 2004ko lantaldean UPNk eskaera bakarra jarri zuen mahai gainean: Foru Hobekuntzaren bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du Nafarroako Parlamentuaren esku dagoela dagoela konstituzioko laugarren xedapen iragankorra aktibatzea;Nafarroak euskal estatutuarekin bat egiteko aukera jasotzen duena, alegia. UPNk proposatu zuen hori indargabetu behar zela.

Iaz, BERRIAk erreformaren aukerari buruz galdetu zionean, UPNk onartu zuen ez diola erreparorik eztabaidari, baina azpimarratu zuen alderdi abertzaleen asmoak geldiaraztea dela euren helburua. «Esparru juridikoa aldatu nahi dute Espainiarekiko erlazioak aldatzeko, Nafarroak Euskadirekin bat egiteko eta Espainia hausteko». Beste behin, berretsi zuten konstituzioko laugarren xedapen iragankorra eta Foru Hobekuntzako bigarren xedapena indargabetu nahi dituztela.

PSNk, berriz, ahal duen bakoitzean oso argi utzi nahi izan du erreforma oro «Espainiako Konstituzioaren barruan» egin behar dela. Hala 40. urteurrenaren ekitaldi ofizialetan nola abuztuko inbestidura saioan, Txibitek ideia hori azpimarratu du. Gainera, Foru Hobekuntzan jasotako eskumen guztiak garatu gabe daudenez oraindik, Txibitek azaldu du geratzen dela tartea bide horretan aurrera egiteko.

Anbizioa eta erreferenduma

EH Bildu eta Geroa Bai izan dira eztabaida politiko hori bultzatu duten bi indar nagusiak. Duela hemeretzi urte ere hala gertatu zen. Legealdi hartan, Batasuna legez kanpo zegoen, eta ezker abertzaleak ez zuen parte hartu, baina gaur egun EH Bilduren parte den Aralar izan zen proposamen ugari egin zituen alderdietako bat. Bestea Eusko Alderdi Jeltzalea izan zen. Orain, EH Bilduren eta Geroa Bairen txanda iritsiko da.

Duela urtebete, erreformaz galdetuta, Geroa Baiko Uxue Barkosek nabarmendu zuen «anbizioz» jokatu behar dela eta «ahalik eta akordio zabalena» lortu behar dela, zaila izanagatik ere. EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, adierazi zuen ez diotela uko egin estatusa aldatzeari, eta argi utzi zuen zein den eurentzat ezinbesteko baldintza: edozein aldaketa orokor erreferendum bidez berrestea. 1982an egin ez zena zuzentzea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.