Aroztegiko epaiketaren hirugarren saioa egin dute gaur, eta atzoko bertsio berari eutsi diote lekukoek: solastatu diren foruzainek berretsi dute Aroztegiko protestak «modu baketsuan» egin zirela. Hala, atzo eta gaur errandakoek gezurtatu dute herenegun mintzatu ziren kideek emandako bertsioa. Hain zuzen, herenegun, akusazioak eta fiskaltzak behin eta berriz nabarmendu zuten auzipetuek «talde antolatu bat» osatzen dutela, eta «indarkeria» erabili zutela lanak geldiarazteko. Horrez gain, Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du saioaren akaberan aurkeztu diren froga dokumentalei eta deklarazioen itzulpenei dagozkien hizkuntza baldintzak «desegokiak» izan direla epaiketa behar bezala egin ahal izateko. Komiteak, gainera, elkartasuna adierazi die goizean Antsoainen (Nafarroa) etxegabetu dituzten herritarrei, eta Haritu sindikatuak arratsaldean deitutako manifestazioarekin bat egiteko deia luzatu du.
Astelehenean hasi zen Baztango zazpi herritarren aurkako prozesua, Iruñeko Zigor Aretoko 3. Epaitegian. 2021eko apirilean, Aroztegia hirigintza proiektuaren lanak oztopatu zituen herritar talde batek Lekarozen (Baztan, Nafarroa): hondeamakinen aurrean jarri, bideak itxi eta hirigintza proiektuaren lanak geldiarazi zituzten. Talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatzen diete zazpi auzipetuei, eta derrigortze eta bortxa delituak egin izana. Hori dela eta, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete guztira. Horrez gain, joan den astean Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu zuenez, enpresak ez du baztertu zazpi auzipetuei erantzun zibilagatik kalte ordaina eskatzeko aukera: «Hura omen baitu Nafarroako eta Espainiako Gobernuengandik 43 milioi euroko kalte ordaina lortzeko bide bakarra».

Protestak egin ziren urtean Elizondon lanean aritu ziren bortz foruzainek deklaratu dute gaur, eta guztiek adierazi dute Guardia Zibilak deituta joan zirela protestak egiten ari ziren lekura. Horietako hiruk herritarrak ikusi zituzten makinen aitzinean, eta hirurek nabarmendu dute ez zela indarkeriarik egon; bertze biak, berriz, gauez joan ziren, eta ez zuten inor ikusi. Lekukoetako batek adierazi du herritarrak protesta egiten ari ziren tokira joatean hainbat lagun ikusi zituela lurrean eserita: «Ez nuen indarkeria ekintzarik ikusi, gurekiko jarrera atsegina zuten, ez genuen jarrera bortitzik ikusi». Antzera mintzatu da bertze polizietako bat, nabarmenduta «eserialdi baketsu» bat egiten ari zirela.
Alkateak
Poliziaz gain, Joseba Otondok eta Ernesto Pratek deklaratu dute, 2015 eta 2023 bitartean Baztango Udaleko alkate izandakoak eta obrak hasteko momentuan Lekarozko zinpeko alkate zenak, hurrenez hurren. Otondok adierazi du 2021ean obrak hasi zirenean enpresa sustatzaileak ez zituela baimen guztiak. Nabarmendu du Baztango Udalari inork ez ziola jakinarazi lanak hasiko zirela, eta Nafarroako Gobernuarekin jarri zirela harremanetan hala zela baieztatu zietenean, «gertatutakoa argitzeko». Are, lanak hasi izanak herritarrengan «sorpresa eta haserrea» eragin zituen, Otondoren erranetan, eta ez Guardia Zibila ezta Foruzaingoa ere ez ziren harekin harremanetan jarri ordena publikoari lotutako aferengatik.
Aroztegia eta gero zer? plataforman izan zuen parte hartzeaz ere galdetu diote, eta hark erantzun alkatetzan sartu baino lehen izan zela taldeko kide; azpimarratu du, baina, legezko elkartea zela, eta 2021 inguruan desegin zela. Gehitu du plataforman ez zegoela inolako lidergorik, eta erabakiak modu horizontalean hartzen zituztela.
Pratek hartu du hitza gero, eta hari ere Aroztegia eta gero zer? plataformari buruz galdetu diote; zehazki, haren bikotekideak plataformarekin zuen harremanaz. Astelehenean, enpresa zaintzeko kontratutako langileak bortz auzipetu identifikatu zituen; erran zuen talde antolatua zela, eta akusatuetako bat zuzendaritzat jo zuen. Pertsona horrek berak telematikoki deklaratzeko eskatu zuen: akusatuekin aurrez aurreko konfrontazioa saihesteko, auzipetuak jazarri egin zaizkiola argudiatuta. Bertsio horretatik urrunduta, Pratek gaur azaldu du pertsona horrek «normaltasunez» parte hartzen duela herriko jardueretan, eta «batzuetan proposamenak egin». Defentsaren galderei erantzunez egin ditu adierazpen horiek, baina ez diete horri buruz gehiago solastatzen utzi.
Ahotsako kazetari batek eta Xaloa Telebistako beste batek deklaratu dute. Lehenbizikoak protestetan egon zela adierazi du, eta ez zela indarkeriarik egon: «Giro ona zegoen. Jendea hurbildu ahala, makinak gelditzen zituzten. Ez zen irainik egon, eta giro baketsua zen». Bigarrenak, berriz, erran du komunikabideko arduraduna dela, eta bera ez zela protestetan egon. Nabarmendu du, baina, ez zutela deialdirik jaso inork obrak geldituko zituela jakinaraziz.
Saioaren bukaeran ikus-entzunezko zortzi froga aurkeztu dituzte akusazio partikularrak eta fiskaltzak. Eta, horri lotuta, Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du froga dokumental horiei eta deklarazioen itzulpenei dagokienez hizkuntza baldintzak «desegokiak» izan direla epaiketa behar bezala egin ahal izateko.
Sindikatuen txanda
Aroztegiko auzia «ertz anitzeko borroka» dela adieraztea helburu, egun bakoitza ildo horietako batekin lotzen ari dira; eta gaur sindikatuen txanda izan da. LABeko Iratxe Delgado, ELAko Ainara Plazaola, Steilaseko Raul Lopez, EHNEko Patxiku Irisarri eta ELBko Panpi Sainte-Marie elkartu dira mahaiaren bueltan.
ELAk eta LABek adierazi dute langileen egoera gero eta prekarioagoa den bitartean enpresak gero eta aberatsagoak direla. EHNE eta ELB sindikatuek, berriz, nabarmendu dute laborantza estentsiboaren gorakada medio lehenbiziko sektoreko langileen prekarizazioak gora egin duela. Are, Europako nekazaritza politikek «galbidean» utzi dute nekazari txikia, beren irudiko; eta lurra elikadurarako erabili beharrean, porlanez betetzen ari da. Steilasek kapitalismoan jarri du arreta, eta nabarmendu ez dela trantsizio ekosozialarekin bateragarria. Elikadura burujabetzarekin lotutako politiken beharra nabarmendu du, eta bizitzarako funtsezkoak diren sektoreak indartzea eta duintzea ezinbertzekotzat jo; ELAk eta LABek bat egin dute.

Solasaldiaren akabailan Porrotx iritsi da, eta txalo artean egin diote harrera Justizia Jauregiaren parean bilduta zeuden herritarrek. Epaitegi barnean zeudenei kantu bidez adierazi die elkartasuna, eta haien absoluzioa eskatu.