Foruzaingoak 16 eta 22 urte arteko bost mutil atxilotu ditu, Iruñeko Buztintxuri auzoan beste gazte bat hiltzen saiatzea eta hilketa saiakera sare sozialetan zabaltzea egotzita. Bost atxilotuetatik hiru adinez nagusiak dira, eta espetxeratu egin dituzte; gainerako biak —16 urtekoa da bata eta 17 urtekoa bestea— Nafarroako Gobernuaren zentroetan sartu dituzte.
Apirilaren 22an, osasun etxe batetik deitu zuten Foruzaingora: artatzen ari ziren gazte batek labanarekin egindako zauriak zituen, lesioak buruan eta hatz bat hautsita. Foruzainak osasun zentrora joan ziren. Han, deklarazioa hartu zioten zaurituari, eta salaketa bideratu. Zaurituak esan zien ezagutzen zituela erasotzaileetako hiru. Bi Sarrigurenen atxilotu zituzten, eta besteak Iruñean.
Foruzainek eta Iruñeko udaltzainek ikertu dute erasoa. Erasotzaileek «harrotasunez» azaldu zuten sare sozialetan zer egina zuten: argazkiak eta bideoak zabaldu zituzten. Foruzaingoak zehaztu du kaputxa jantzita, makilekin, bateekin eta labanekin egin zutela erasoa, «aurrez pentsatutako ekintza sinkronizatu batean, bortizkeria handiarekin eta zaurituak bere burua babesteko gaitasuna murriztuz». Poliziak gaineratu du bost atxilotuek egun batzuk lehenago beste gazte bat jipoitu zutela, Buztintxurin zauritu zutena zela uste zutelako.
Zaurituak zenbait «kolpe gogor» hartu zituen buruan. Bate batekin eta metalezko barra batekin jo zuten. Labankada bat eman zioten bizkarrean, eta beste bat bularraldean. Baita ostikoak eta ukabilkadak ere.
Foruzaingoaren arabera, atxilotuek «aurrekari asko» dituzte, eta gazteen banda bateko kideak dira.