Albiste faltsuak

Foruzaingoak ukatu egin du Nafarroan saileko hiltzaile bat dagoenik

Sare sozialetan Poliziaren izenean dabilen mezu faltsu bat gezurtatu dute. Herrialdean azken asteotan aurkituriko gorpuen kasuak oker lotzen ditu, eta asteartean beste bat agertu zela adierazten du, hori ere gaizki.

Maiatzaren 31ean Iruñeko ekialdeko Beloso auzoan aurkituriko gorpuzkiak aztertzen. Besteak beste, kasu hori erabili dute gezurrezko mezua zabaltzeko. FORUZAINGOA
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 10a
09:26
Entzun

«Poliziok ez dugu Whatsappen bidez informatzen, are gutxiago larritasuna sortzen duten delituen inguruan». Twitterren mezu hori jarrita, sare sozialetan dabilen gezur bat salatu nahi izan zuen Nafarroako Foruzaingoak atzo. Txioan, Whatsappen bolo-bolo dabilen mezuaren irudi bat partekatu zuen Foruzaingoak. Horretan, Nafarroan saileko hiltzaile bat dagoela esaten zuten, herrialdean azken asteotan aurkituriko gorpuzkien aferak faltsuki lotuta.

Biral eginiko gezurrezko mezuak testu hau dauka: «Foruzaingotik adi ibiltzeko eskatu nahi diegu herritarrei. Azken hilabeteotan lau gorpu aurkitu dira gure erkidegoaren hainbat gunetan. Maiatzaren 13an hilotz bat agertu zen Orkoiengo hondakin planta batean. Apirilaren 25ean, kiskalitako gorpu bat topatu genuen Tuterako txabola batean. Ekainaren 1ean, emakume baten gorpuzkiak aurkitu genituen Belosoko etxola batean. Azkenean, gaur, ekainaren 8an, beste gorpu bat agertu da Vinculo plazako lan batean, hiriaren erdian. Hedabideei esan diegu jendea ez larritzeko, aurretik aipaturiko gorpuetako bat dela. Halere, egoera kezkagarria da. Zantzu eta froga askok garamatzate ziurtatzera saileko hiltzaile bat dabilela geure kaleetan».

Txantrean apirilaren 17ko beste gertaera bat hilketekin lotzen du mezuak. «Lasaitasuna eskatzen dugu, eta, batez ere, kalera gauean bakarrik ez irteteko. Hiltzaile horren biktimarik gogokoenak bakarrik dagoen jendea eta eskean dabiltzanak dira». Gezurrezko mezua amaitzen da informazio eske batekin, Foruzaingoari 092 zenbakira deituta. Telefono hori Udaltzaingorena da.

Hainbat hedabideetan zabalduriko informazio oker batean oinarritu da mezua, asteartean beste gorpu bat agertu dela esateko. Nafarroako telebista eta irrati batek zabaldu zuten hori asteartean. Ez zen gorpurik agertu. Foruzaingoa Orkoien agertutakoa ikertzen ari zen, besterik gabe.

Edonola ere, mezua bolo-bolo zabaldu da Nafarroan, eta Foruzaingoak gezurtatzea erabaki du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.