Francoren diktadurapeko oroitzapen eta sentipenak

2025eko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Diktadura frankistaren erdialdean jaio nintzen Gernikan 1948an, familia euskaldun abertzale batean, eta orduko egoerak jaiotzatik markatu zituen nire bizitza eta pentsamoldeak. Gurasoek eta aitxitxe-amumek bertatik bertara bizi izan zuten 1937ko bonbardaketaren eguna. Zorionez, guztiak garaiz bildu ziren babesleku antiaereoetan, eta haietako inor ez zen hil sarraski hartan. Halere, biharamunean amaren familiak erabat suntsituta aurkitu zituen etxea eta ondasunak.

Zazpi urte bete arte bizi izan nintzen Gernikan. Gauza gutxi batzuk baino ez ditut gogoratzen ordura artekoez. Baina, geroago etxean entzunda, badakit gernikarrak beldurtuta bizi zirela, zoritxarreko bonbardaketa hura beti buruan.

Aitak lantegiko ugazaba gernikar frankistekin izandako arazo batengatik, Eibarrera joan ginen bizitzera 1955ean. Bertan nerabezarora esnatzen hasi nintzen, poliki-poliki diktaduraren izaera argituz. Hamalau urte nituenerako, etxeko eta kanpoko giro kulturalen arteko talkaz konturatzen hasita nengoen. Amaren ahotik etxeko sutondoan entzundako kontakizunak ondo itsatsita geratu zitzaizkidan buruan gordeta. Kanpotik entzuna nuen gorriek eta separatistek erre omen zutela Gernika, baina amak sarritan kontatzen zigun nondik hurbildu ziren hegazkinak eta nola jaurti zituzten bonbak. Nori sinetsiko nion, amari ala toki guztietatik zabaltzen zen bertsio ofizialari?

Ez Gernikan ezta Eibarren ere, ez nintzen eskola nazionalera joan, fraide-ikastetxe batera baizik —korazonistak, kasu bietan—, eta bertan ez nuen inoiz Cara al Sol ospetsua kantatu beharrik izan. Halere, fraideen irakaskuntza frankismoaren nazionalkatolisimoaren arabera prestatuta zegoen: FormaciĂ³n del EspĂ­ritu Nacional eta EducaciĂ³n FĂ­sica irakasgaiak maila guztietan, Falangeko «irakasle» baten gidaritzapean entzunak. Hain irakasle ezatseginak izanik, ikasle ia-guztiak immunizaturik geratu ginen haien irakaspenez. Eta erregimenarekin ados, urte horietan guztietan ez nuen euskarazko berba bat bera entzun fraideen ikasgeletan.

Aita euskaltzalea nuen eta nire arreba nagusiak ere euskal kontzientzia sakona zuen. Eibarko mugimendu euskaltzalean ari zen. Baionako Biltzarrean 1964an prestaturiko euskara batuaren oinarriei buruzko dokumentua sinatu zutenen artean egon zen gure Bego. Garai hartan Anaitasuna hamabosterokoaren harpideduna egin zen, eta aldizkaria pasatzen zidan, neuk ere irakur nezan. Laster konturatu nintzen euskaraz analfabetoa nintzela; bestela esanda, ez nekiela euskaraz irakurtzen eta idazten. Baina irakurtzen saiatuz eta zalantzak aitarekin argituz, neure kabuz hasi nintzen ikasten. Hamazazpi urte bete nituenerako, 1965ean, nahikoa ondo alfabetaturik nengoen euskaraz ere, eta eskuratzen nituen euskarazko testu guztiak irakurtzen nituen, hori bai, hiztegien laguntzaz.

Urte hartako udazkenean, Bilborako bidea hartu nuen, Ingeniaritza Eskolan ikasketak osatzeko asmoz. Sentsazio berezia izan nuen Bilbon: atzerrian sentitu nintzen, bai eskolan eta bai hirian. Eskolako zuzendaritza eta irakasle gehienak erregimenekoak ziren, hainbat ikasle Espainiatik eta penintsulaz kanpoko herrietatik etorriak ziren; eta kaleetan euskararen arrastorik ez. Eskerrak bizitokian arnasgune bikaina aurkitu nuen! Osaba-izekoren etxean bizi izan nintzen hurrengo bost urteetan, eta bertan euskara izan zen hizkuntza bakarra. Gainera, osaba antifrankista sutsua zen.

Bizimodu berria izan nuen Bilbon. Tarteka, ikasketen zurrunbilotik ihes eginez, egoerari buruzko hausnarketarako aukera izan nuen, eta horrek gizarteko giro nahasi hartan sortzen ari ziren herri-mugimenduetan neure burua kokatzera eraman ninduen. Hasteko, ordura arteko ikasketa guzti-guztiak gaztelania hutsez eginak nituen, derrigorrez; baina Bilboko errebal batean, euskararen arnasgune txiki batera hurbiltzeko zoria izan nuen, Santutxuko gau-eskoletako girora zehazki. Hasi bezain laster integratu nintzen bertan, eta orduz geroztik Santutxu izan da nire bihotzeko auzoa.

Bertan ezagutu nuen ezkerreko herri-mugimendu aldarrikatzailea. Karmelo ikastolako lehenengo belaunaldiko gurasoekin parte hartuz, berton lortu genuen gure ondorengoentzat guk izan ez genuen irakaskuntza euskaldunerako oinarriak lantzea, diktadurapeko oztopoei ahal genuen moduan iskin eginez. Gainera, Santutxun sartu nintzen garaiko alderdi politikoen arteko eztabaidetan, eta orduan egin nuen ezker abertzalearen aldeko hautua.

Jarduera horietan nenbilela, 1972an ezagutu nuen diktaduraren aurpegi krudel latzena, torturarena alegia. Irail aldean guardia zibilek egindako sarekada batean harrapatu, eta Bilboko La Salve kuartel ospetsura eraman ninduten. Hiru egun bertan triskatu ondoren, kalean utzi ninduten, apurtuta, oinak lurrean jarri ezinik, «libre», kargurik gabe. Nire zauriak ikusita, emaztegaiaren osaba apaizari otu zitzaion garaiko Bizkaiko apezpikuari kontatu behar niola jasandakoa, salatuko zuelakoan. Gertatutakoak azaldu ondoren, beraren aurrean hasi nintzen zapatak eta galtzerdiak kentzen, oin-planta moreak ikus zitzan. «Ez kendu, sinesten dizut», esan zidan. Handik gutxira, kazetari baten galderari erantzunez, «torturen frogarik ikusi gabea» zela irakurri nuen egunkarian. Hara noraino iristen zen nazionalkatolizismoaren zabaltasuna. Hura hipokrisia! Betiko hautsi zen nigan Elizaren sinesgarritasuna.

Francoren agonia eszeptizismoz bizi izan nuen. Ez nintzen fidatzen. Hil eta gero, frankisten neurriko «trantsizio demokratikoa» etorri zen, eta laster konturatu nintzen epe laburrean askatasunik ez zela etorriko, baizik eta erresistentzia luzerako prestatu behar genuela. Gaur egun, gero eta argiago dut etengabe borrokatu beharko dugula duintasunezko askatasuna lortzeko, … eta borroka horretan irautea merezi duela.

Nekeza da Jose Ramon Etxebarria Bilbaoren (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948) soslaia lerro gutxi batzuetara errenditzea. Ingeniari industriala eta fisikan doktorea da, euskara irakasteko gau eskolen eta Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaile izana, baita Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta itzultzaile aritua ere; aitzindari izan zen doktore tesia euskaraz egiten, eta hamaika liburu eta artikuluren egilea da, euskaltzain urgazlea, eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saridun (2020) izandakoa, besteak beste. Ibilbide oparoa egina du zientziaren euskarazko dibulgazioan, eta horrexegatik omendu zuten Korrikan, 1999an. Politikagintzan ere ibilia da: HBko legebiltzarkide izan zen 1980tik 1984ra bitarte, eta Autodeterminaziorako Bilguneko Bizkaiko zerrendaburu 2003an, zerrenda hori legez kanpokoa zela. Horregatik, atxilo hartu zuten 2009an, Baltasar Garzon epailearen aginduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.