Bizkaiko Diputazioak hainbat ohorezko izendapen eman zizkion Francisco Franco Espainiako diktadoreari. Besteak beste, 1950ean semetzako bizkaitar izendatu zuen, eta, 1962an, harribitxizko Bizkaiko domina eman zion. 2001ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ohore guztiak kentzea onartu zuten. 2011n bete zuen agindu hori Bizkaiko Foru Aldundiak. Ezker Anitzak beste pauso bat eman nahi du: harribitxizko domina bera berreskuratzeko eskatu dio Unai Rementeria ahaldun nagusiari. Bizkaiko koordinatzaile Xabier Jimenezek egin du eskaera, foru jauregiaren aurrean goizean egin duen agerraldian.
Jimenezek gogoratu du 2001ean hiru erabaki hartu zituztela Batzar Nagusiek: Francori ohorezko izendapenak kentzea, herrialdeko sinbologia frankista eta faxista desagerraraztea eta harribitxizko domina berreskuratzea. "Lehena betetzeko hamar urte behar izan zituen diputazioak. Beste biak egiteko ditu oraindik". Domina berreskuratzeko diputazioak eskura dituen baliabide guztiak erabiltzeko eskatu dio Rementeriari. "Balio historiko eta sinboliko handia du". Horrez gainera, sinbologia faxista kentzeko lan egiteko ere eskatu dio.