Frankismoko biktimak

Frankismo garaiko sindikalistek babesa eman diote Iruñeko Udalak aurkeztutako kereilari

Esan dute ez dutela ahaztu nahi jasan zuten "jazarpena".

Prentsaurrekoan agertu diren sindikalistak. JON ORDOñEZ
2016ko maiatzaren 18a
07:48
Entzun

Frankismo garaian sindikalistak izan eta jazarri zituzten ehun lagun inguruk babesa eman diote Iruñeko Udalak Frankismoko krimenak argitzeko jarri asmo duen kereilari, eta horren berri emateko prentsaurrekoa egin dute dozenaka sindikalistek, Nafarroako hiriburuan. Salatu dute ezin dela ahaztu batzuk langileen eta herritarren eskubideak defenditzeagatik pairatu zutena, beste batzuk jazartzen zitzaizkien bitartean.

Angel Sanzek, Natxo Odriak, Isabel Noguerak eta Pilar Adiegok hartu dute hitza, eta azaldu dute, guztiek modu pertsonalean sinatu duten agirian prestasun osoa agertzen dutela auzia argitzeko beharrezkoa dena egiteko. Sabino Kuadra ere han izan da, manifestuarekin bat egin baitu lan kontuetako abokatu gisara.

Frankismo garaian "askatasunen erabateko ukoa" izan zela ekarri dute gogora, "lan arloko eskubideak ukatuta" zeudela, "lan lehergarria" eginarazten zietela, "baldintza negargarrietan eta segurtasunik gabe". Eta baldintza horien kontra aritzeagatik, beraiek "politikoki eta laboralki jazarriak" izan zirela ekarri dute gogora: "Zigorrak, kaleratzeak, zerrenda beltzak, atxiloketak, isunak, espetxea...". Gertatutakoaren arduradunek ez dutela ordaindu salatu dute, eta hala izan dadin, egin beharrekoa egiteko prest daudela agertu. Sinadurak biltzen jarraituko dute, manifestua eskuz esku pasatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.