MEMORIA HISTORIKOA

Frankismoan eraikitako bi bunker agerian utziko dituzte Lesakan

1940 eta 1950 urteen artean eraiki zituzten soldaduska egiten ari ziren gizonezkoek, Francoren erregimenaren aurka etor zitekeen ustezko inbasio bati aurre egiteko. Hogeita bortz gazte boluntario ari dira ingurunearen leheneratze lanetan.

Hainbat gazte bunkerrak berreskuratzeko lanetan, Lesakan. BERRIA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abuztuaren 10a
12:46
Entzun

Preso errepublikanoek eraikitako errepidearen bederatzigarren kilometrotik goiti dago lekua; baina ez da hori gaia; edo bai. Lesakatik (Nafarroa) Oiartzunera (Gipuzkoa) doan errepidea 1939 eta 1943 bitartean eraiki zuten Francoren erregimenaren pean preso ziren dozenaka gizonek, bortxazko lan gisa. Lan horien jarraipena izan ziren errepidearen gainaldean eraiki zituzten bunkerrak: orduko hartan, soldaduska egiten ari ziren gizonezkoek eraiki zituzten; behartuta, horiek ere.

1940 eta 1950 bitartean eraikitako bi bunker ari dira agerian uzten egunotan Lesakan, Gardelko Pagoetako parajean, Agiñara bidean. Francoren erregimenaren aurka «Europa demokratikotik» etor zitekeen ustezko inbasio bati aurre egiteko eraiki zituzten: Pirinio osoan, ia 10.000. «Hasiera batean, 15.000 eraikitzea zuten asmoa, baina, azkenean, 8.000 inguru-edo egin zituzten», azaldu du Anna Garriges 16 urteko gazte boluntarioak. Garrigesen gisan, 25 gazte ari dira egunotan bunker horietako bi agerian uzteko lanetan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolaturiko udalekuetan. Nafarroako hainbat txokotatik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik etorritako 15 eta 18 urteko gazteak dira guziak.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Ladis Satrustegi Lesakako alkatea lantegia ikusten aritu dira gaur goizean. Remirezek adierazi du «kontent» daudela gazteak egiten ari diren lanarekin, baita memoria historiko «mingarria» berreskuratzearekin ere. Nabarmendu du pandemia garaian ere «posible eta desiragarri» dela gazteentzako halako «aisialdi aukerak» eskaintzea, «bereziki pairatu baitute sozializazio eskasia». Ollok ere azpimarratu du bi arlo «oso interesgarri» elkartzen direla Lesakako lantegian: gazteak eta memoria. «Gazteak ari dira hainbeste urtez ezkutatuta egon den memoria berreskuratzen. Haiek dira etorkizuna, eta oso inportantea da haien lana». Bunker horiek gotortu nahi zituzten mugak ezabatzearen beharra nabarmendu du, halaber: «Horrelakorik ezin da errepikatu. Mugak ezabatu egin behar dira, nola fisikoak hala mentalak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.