Espainiako Auzitegi Nazionalak frankismoak lapurtutako haurren auzia ez ikertzearen alde egingo du Espainiako Fiskaltzak, behin gaia horra heltzen denean.Haren ustez, gai hori bide penaletik ezin dela ikertu, eta jakinarazi du «ahal duen moduan» babestuko dituela bestelako bide baten bitartez aurre egiteko proposamenak, EFE informazio agentziaren arabera.
1936ko gerran eta Francoren diktadura garaian gertatutako ume lapurretak auzitara eraman zituen herritar plataforma batek Madrilen. Garai horretan estatu kolpea eman zutenen ideiekin bat ez zetozen espetxeratutako edota hildako emakumeen seme-alabak lapurtu zituzten, eta estatuaren tutoretzapean gelditu ziren, edota beste familia batzuetan kokatu zituzten.
Baltasar Garzonek datuak bildu eta 2008an hainbat probintzia auzitegitara bideratu zituen, Auzitegi Nazionalean ezin zirela ikertu argudiatuta. Auziak ez zuen aurrera egin Madrilgo Instrukzioko 21. epaitegiak auzia irekitzeko eskaria aintzat hartu zuen arte. Urriaren 28an Madrilgo epaitegiak Auzitegi Nazionalera bideratu zuen auzia. Orain, Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak jakinarazi du auzia ez dela oraindik heldu, eta heltzen denean bertan ez ikertzearen alde egingo duela.
Preskribatutako delituak
Auzitan dauden delitu horiek preskribatuta egon daitezkeela jakinarazi die Zaragozak auziaren argibidea eskatzen duen herri plataformako kideei. Jakinarazi die ikerketa bide penaletik ezin dela eraman, baina administrazioaren bitartez egin daitezkeen ekimenak babestuko dituela. Espainiako Justizia Ministerioak frankismo garaian lapurtutako haurrei zein senideei laguntzeko bulego bat sortzen badu horren alde egingo duela aurreratu du. «Izapideak arintzeko bide egokia izan daiteke».
Aipatu bulegoaren sorreran aurrera egiteko Espainiako Gobernuarekin bitartekaritza lana egingo duela adierazi die Zaragozak. Bulego horretan kaltetuen DNA datuak egongo lirateke. Gaineratu du senideei Datuen Babeserako Legeak ukatzen dizkien datuetarako sarbidea erraztuko liekeela.
Plataformako bozeramaile Mar Sorianok Fiskaltzaren «asmo onak» eskertu ditu, baina delituak Auzitegi Nazionalean ikertuak izateko nahia berretsi du. Delitu horiek «antolatutako krimen» gisara har daitezkeela gaineratu du Sorianok. Herritarren plataformak 300 kasu bildu ditu, baina, Baltasar Garzonek bildutako datuen arabera, soilik 1944 eta 1954 artean espetxeratutako emakumeen 30.000 umeren tutoretza izan zuen Francoren gobernuak.
Duela bi urte, Garzonek -Auzitegi Nazionaleko epaile kargutik kendua iragan maiatzetik-nabarmendu zuen delituek ez dutela preskribatu, oraindik ere biktima batzuk bizi direla argudiatuta. Horrez gain, gogorarazi zuen nazioartean lan egiten zuen Falangearen adar batek gerratik ihes egin zuten adingabeak Espainiara itzuli zituela.
Francoren omenezko meza
Ehun bat pertsona bildu ziren larunbat goizean Erorien Haranean (Madril, Espainia) Francisco Franco eta Jose Antonio Primo de Riveraren omenezko mezan. Diktadorearen jarraitzaileak baselizaren kanpoaldean bildu ziren, monje beneditarrek ateak itxita egin baitzuten meza. Elizan egiten ari diren lanen ondorioz, segurtasun arrazoiak argudiatuta, itxi zituzten ateak.
Ordu bata aldera, Madrilgo Memoriaren Foroak deituta, elkarretaratzea egin zuten Erorien Haranetik gertu, frankismoaren biktima guztien eskubideak aldarrikatzeko. Eskarien artean baselizaren gainean dagoen gurutzea leherraraztea dago, «heriotzaren eta mendekuaren ikurra» dela argudiatuta.
Diktadorearen jarraitzaileek eta elkarretaratzeko partaideek irainka erasan zuten elkar, baina ez zen aparteko liskarrik izan.
Frankismoko haur galduen auzian bide penala ezin dela jarraitu uste du Fiskaltzak
Diktaduran eta gerran lapurtutako umeen salaketak hartzeko bulego bat sortzearen alde dagoela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu