Frankismoko presoen senideek NBEko Giza Eskubideen Batzordera jo dute laguntza eske

Igari, Bidankoze eta Erronkari arteko errepidea eraikitzeko lanetan aritzera behartutako hamabi lagunen senideek egin dute eskaera, estatu mailan egin zezaketen bidea amaitu ostean.

Igari eta Erronkari arteko errepidea eraiki zuten presoetako batzuk.  JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Igari eta Erronkari arteko errepidea eraiki zuten presoetako batzuk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 27a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frankismoaren lehen urteetan —1939tik 1941era bitarte— Nafarroan lan behartuak egin zituzten hamabi lagunen senideek NBEko Giza Eskubideen Batzordera jo dute, kexu. Zehazki, Igari, Bidankoze eta Erronkari (Nafarroa) arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten 36ko gerrako presoen senideek jo dute nazioartera, «gizateriaren kontrako krimenengatik».

Familiek eta Memoriaren Bidean elkarte memorialistak Agoizko epaitegira jo zuten 2023ko urrian, eta auziak epaitegiko fiskalaren aldeko txostena ere bazuen aurrera egiteko. Instrukzio epaileak, baina, eten egin zuen bide hura, inolako tramiterik gabe, salatutako delituek preskribatu dutela iritzita. «Epaileak lerro bakar batean eman ditu bere argudio guztiak. Kirtenkeria judizial bat da auto hori», salatu zuen orduan Memoriaren Bidean elkarteak.

Errenditu beharrean, aurrera egiteko erabakia hartu zuten. Nafarroako Probintzia Auzitegira jo zuten lehenik, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera gero. Auzitegi horiek, baina, lehen epailearen hautua berretsi zuten, igarotako urte kopuruari soilik ez, baizik eta baita 1978ko Amnistia Legeari ere erreparatuta.

Gaurko agerraldian, baina, familien eta Ceaqua Argentinako Kereila Babesteko Estatu Koordinakundeko ordezkariek nabarmendu dute halako delituak preskribaezinak direla nazioarteko zuzenbidearen arabera. Era berean, gogoratu dute Espainiako Memoria Demokratikorako Legeak dioela Amnistia Legea bera nazioarteko legediaren pean interpretatu behar dela.

Hala, senideek nazioarteko erakundeetan topatu nahi dute Espainiako justiziak eskaini ez diena. Izan ere, uste dute estatuak ez dituela diktaduraren biktimak «merezi duten duintasunaz» tratatzen. Adierazi dutenez, nazioarteko legediak esparru «mesedegarriago» bat ezartzen du biktimentzat, eta, haien ustez, Giza Eskubideen Batzordeak gaia jorratzearen alde egiten badu, litekeena da Espainiako Estatuari gomendio sorta bat egitea, jazoera haiek ikertzearen aldekoa.

1939ko uztailetik 1941eko ekainera bitarte eraiki zuten Igari, Bidankoze eta Erronkari arteko errepidea, eta diktadurak 2.000 preso abertzale eta errepublikano baino gehiago behartu zituen lan hori egitera. Azaldu dutenez, preso horiek tratu «gizagabea» pairatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.