Frankistek hildako hiru biktimaren gorpuzkiak eman dizkiete familiei

Ramon Bengarairen, Dionisio Gutierrezen eta Epifanio Osororen gorpuzkiak jaso dituzte haien familiek, Ana Ollo eta Joseba Asiron buru izan dituen ekitaldi batean.

Iruñeko hilerrian egindako ekitaldia, gaur. JESUS DIGES / EFE
Iruñeko hilerrian egindako ekitaldia, gaur. JESUS DIGES / EFE
xabier martin
2026ko ekainaren 29a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuko Memoria kontseilari Ana Ollok 1936an frankistek hildako hiru biktimaren gorpuzkiak eman dizkie familiei, Iruñeko San Jose hilerrian egindako ekitaldi batean. Ramon Bengarairen, Dionisio Gutierrezen eta Epifanio Osororen gorpuzkiak dira Nafarroako Gobernuak berreskuratu eta familiei emandakoak. Instituzioetako hainbat ordezkari izan dira hilerrian, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Nafarroako Gobernuko zenbait kontseilari tarteko. Talde memorialistetako ordezkariek ere bertatik bertara erreparatu diote ekitaldiari.

Ramon Bengarai 1896an jaio zen, Garraldan (Nafarroa); Nafarroako Fronte Popularreko presidentea zen, Nafarroa errepublikazalearen erreferenteetako bat. Hiru seme-alaba zituen. Izquierda Republicanako zuzendaritza taldekoa zen, Iruñeko Orfeoiko baritono solista, Los Irunshemes peñako fundatzailea eta Osasuna futbol taldeko zuzendaritzako kidea ere bai. Kolpe militarraren ondoren, klandestinitatera jo zuen, baina abuztuaren 21ean atxilotu zuten, eta, ordutik, ez zen hari buruz beste ezer jakin.

Muniainen (Nafarroa) hil zuten Bengarai, Dionisio Gutierrezekin batera. Hura Aurizperrikoa (Nafarroa) zen, 32 urtekoa. Ez dakite zer-nolako afiliazioa zuen, baina errepublikazalea zen, ezkerrekoa, eta haren anai-arrebei ere jazarri zitzaizkien falangistek. Bengarairen eta Gutierrezen gorpuzkiak 2025eko uztailean berreskuratu zituzten Berriozarko hilerrian, baina hezurrak beste biktima batzuenak zirela uste izan zuten, harik eta DNA laginen bidez nor ziren jakin zuten arte.

Epifanio Osoro, berriz, Durangokoa zen (Bizkaia), 22 urte zituen, eta mekanikaria zen. CNTko militantea zen, eta ia sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 1936ko azaroaren 1ean, Osoro eta beste 24 preso hil zituzten frankistek, Ezkabako gotorlekuan. Ihes egiten saiatzea leporatu zieten, baina ez da halakorik frogatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA