Pastor
Darwin eta Gu

Frantzia Pirinioetan hasten da

2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donibane Lohizuneko mutil batek lana utzi du Baionako festetara joateko, nagusiak ez baitio oporrak hartzeko baimenik eman. Gertakari edo albiste xelebrea, Sud Ouest egunkariak aspaldi argitaratua. Ikasleek berri bat idatzi behar dute horri buruz. Batek baino gehiagok halako titulua jartzen diote urtero albisteari: Mutil batek lana utzi du Frantziako jai batera joateko. Asteon egin dute ariketa eta, oraingoan ere, Frantzia azaleratu da.

Euskaraz ikasi dute gazte guzti-guztiek, baina harrigarria da batzuek Espainiaren kontzeptua noraino duten barneratua. Ez da geografia kontu hutsa. AtrĂ¡pame si puedes-era joan zaitezke eta Ainharbe, Arbizu, Behorlegi, Garai eta Legutio non dauden jakin —nago lehiaketan Tordesillas non datzan Donazaharre baino lehenago galdetuko dizutela—, baina zertarako balioko luke horrek guztiak zure buruak —eta, batez ere, zure bihotzak— herri horiek Espainian edo Frantzian kokatzen baditu?

Franco hil eta 50 urtera, zatituta eta zapalduta segitzen dugu. Nihilismo autonomikoaren lokatzetan galduta, erreferentziarik gabe. Gure herriaren karta nazionala, gure bihotzaren mapa emozionala osatzen duen mosaikoa hamaika puskatan birrindua dugu. Espainia eta Frantzia gora eta behera. Bitartean, Euskadi eta Euskal Herria edo baskoa eta euskalduna hitzen esanahia bereizten jakin ez. Orain denok gara euskaldunak euskaraz jakin barik eta, areago, ikasteko batere gogorik izan gabe. Ederra marka. Eta guk amua irentsi, inklusioaren edo ez dakit zeren izenean, ez ote diguten diskriminatzaileak deituko. Inozo galantak.

Gure markoa, the frame, besteek zehaztu eta ezartzen digute. Baita geure hedabideetan ere. Halako perlak irakurri eta entzuten ditugu egunero: Euskadi dugu Estatu Espainiarreko hirugarren erkidegoa etxebizitzen arloan halako arazo bat...; ez dakit nongo ospitale batean zerbitzu bat eskaintzen hasi dira, aitzindaria, Estatu Espainiarreko lehena; Estatu Espainiarrean hainbat emakume hil zituzten iaz. Datuak eta konparaketak beti Estatu Espainiarra delako horri lotuak. Espainia da gure erreferentzia nagusia. Zer garen eta zer ez jakiteko, Espainiarekin alderatu behar. Espainiari esker gara nor, antza.

Espainia da gure erreferentzia nagusia. Zer garen eta zer ez jakiteko, Espainiarekin alderatu behar. Espainiari esker gara nor, antza

Baionako edo Miarritzeko ospitale batean ba al dute halako zerbitzurik? Erantzuna ezezkoa bada, Euskal Herriko lehena izango da, ez Estatu Espainiarreko hirugarrena. Ideiarik ez Iparraldean sistema hori ba ote dagoen, baina ederto dakigu Cuencan halakorik ez dutela. Iaz ez zen hilketa edo eraso matxistarik izan Ipar Euskal Herrian? Zergatik soilik Espainiako biktimen berri eman? Gure ikuspegi nazionaletik Euskal Herriko datuak eskaintzea izango litzateke egokiena. Arbuiagarriak dira hilketa matxista guztiak, baina Segoviako erasoek bezainbesteko garrantzia dute Donibane Garazikoek. Edo gehiago, ikuspegi nazionaletik ikusita. Zein ikuspegi nazional da kontua. Zer egiten du, ba, soilik Espainiako datuak eskaintzen dituenak —eta ez Frantziakoak, adibidez—? Partida liga espainiarrean jokatu. Baionako hilketa bazter utzi eta Zamorakoa nabarmendu. Basko autonomista.

Bitxia da identitateak une oro, arlo guztietan eta ikuspegi guztietatik aldarrikatzen ari garen garaietan herrien identitatea erreibindikatzeari ia muzin egitea. Edo kontzientzia ekologikoa gero eta handiagoa den honetan hizkuntzen ekosistema ez zaintzea eta nagusikeria inposatzen segitzea. Eta gu isiltzea, badaezpada ere. Bai, zeren eta zerbait esan eta hor aterako baitzaigu Eibarko espainiar ustez ez nazionalista EAJren eta Bilduren artean izan litezkeen «akordio identitarioak» salatzera. Kopeta behar da gero! Espainia, Frantzia bezala, etengabe, isilean eta ozenki, ari denean bere identitatea euskaldunen gainean hedatzen eta ezartzen. Gure amaren obulua ernaldua izan den une beretik gure errauts-euriaren azken tanta Kantauri itsasoan itotzen den arte.

«Frantses eginak gira joan den aspaldian», kantatu zuen Xalbadorrek. Eta gu, noiztik gara espainol eginak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.