politika

Frantziak beste hiru gazte independentista Espainiaratuko ditu

Jacint eta Xalbador Ramirez anaien eta Endika Perezen kontrako neurria hartu du Paueko Auzitegiak. Izpuran itxialdia egin zuten gazteetakoak dira. Haietako bakarrak segitzen du libre.

2011ko martxoaren 22a
16:18
Entzun

Paueko Auzitegiak (Frantzia) Jacint Ramirez, Xalbador Ramirez eta Endika Perez gazte independentistak Espainiaratzea erabaki du gaurko euroagindu saioan, Espainiako Auzitegi Nazionalak hala eskatuta. Hirurek helegitea sartzeko asmoa daukate.

Gaur zortzi Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga eta Bergoi Madernaz gazteen kontrako neurri bera hartu zuen Pauek baina, hirurek helegitea aurkeztu zutenez, auzia ordutik gehienez beste 40 bat egunez luza daiteke —bitartean preso jarraitu behar dutela erabaki zuen epaileak—.

Duela lau aste Plazaola, Lizeaga, Madernaz, Ramireztar, Perez, Irati Tobar eta Aiala Zaldibar Segiko kideek agerpen publikoa egin zuten Izpuran, Espainiaratzeko arriskuaren aurka, eta eragileei eta herritarrei babesa eskatu zieten. Hainbat hautetsik euren etxeetan aterpetzeko hautua plazaratu, eta hala egin zuten. Hain justu, Tobar ez beste denak atxilotuta eta behin-behinean preso daude.

Tobarrek, eta Xabi Irigoien eta Iker Elissalde Beskoitze eta Hendaiako hautetsiek lehengo astean euroaginduen aurkako gose greba egin zuten Hendaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.