BERRIAk gaurko paperezko edizioan erakutsi duenez, Seaska Iparraldeko Ikastolen Kontseilua haserre agertu zen atzo Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin zuen hitzarmena berritu gabe duelako. Datorren kurtsoko eskola sartzea arriskuan zuen. Baina gaur Philippe Couturaud Paueko Akademia ikuskariak arrengura horiek uxatu nahi izan ditu, eta azaldu du gehienera azaroan sinatuko dutela hitzarmen berria.
Frantziako gobernu aldaketak eragindako atzerapena dela esan du Couturaudek, eta lehen mailan 8,25 irakasle gehiago egongo direla hemendik aurrera.
Hitzarmena sinatzea berri pozgarria izango dela adierazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Alabaina, Paueko ikuskariak iragarri duen irakasle esleipenaren inguruko ohar bat egin du. Hau da, Indoren arabera, ikasturte berrirako eskola sartzerako aurreikusitako 1,25 irakasle lanpostua Hezkuntza Ministerioak iaz eman zion Seaskari eta beste hiru lanpostu EEP Euskararen Erakunde Publikoak ordaintzen ditu. "Beraz, Akademia Ikuskariak proposatzen duen esleipenak lau irakasle gehiago suposatzen du, ez 8,25".
Ekainean amaitu da Frantziako Hezkundearen eta Seaskaren arteko hitzarmena. Berria lortze aldera Seaskak, Hezkuntza Ministerioak eta EEPk bilerak egin dituzte azken hilabeteotan.