Patrick Dallennes Baionako suprefeta da iazko azaroaren 15etik. Suprefeta gisa aritu da hamabost urtez Frantziako hainbat eskualdetan. Creteileko suprefeta zen Baionara jin aitzin. Suprefeta izan aitzin, ibilbide luzea ukan zuen Finantza Ministerioan. 16 urterekin utzi zuen eskola eta langile bihurtu. 55 urte ditu. Ipar Euskal Herriko euskal hedabideei eman die elkarrizketa, Ahoan Bilorik Gabe emankizunean.
UMPtik abertzaleetara, adostasun zabala dago lurralde elkargoaren alde. Frantziak ez du onartu eta Metropolia proposatzen du. Eskatzen ez dena ematean, ez ote dira sutsuagoak bihurtuko aldarriak?
Postua hartu nuelarik aldarri hori plazaratzen ari zen, lurralde elkargo gisa. Heldu eta bederatzi egunera, Hautetsien Kontseiluko bilkuran nintzen. Gobernuak hainbat alditan jakinarazi du ez duela segidarik ukanen. Alegia, ez duela sortuko hautetsien parte handi batek aldarrikatzen duen erakunde hori. Halabeharrez, horrelako adostasun zabala duen aldarriak ez duelarik aldeko erabakirik, tentsioak sortzen ditu. Tentsioak diot, baina neurrian. Eztabaidak oso eraikitzaileak izan dira, kalitatezkoak. Manifestazioa lasaia izan zen. Egia da ez zela jende anitz. Horrek harritu gintuen, baina duina izan zen. Eztabaidetan gobernuaren jarrera oroitarazi behar izan dugu aldi oro baina, ez dute ohiko tonua gainditu. Eztabaida demokratiko baten barnean gara, aldarri bat da. Aldarrikatzeko eskubidea dute hautetsiek edo gizarte zibilaren parte batek. Gobernuak nahiago du atxikitzea indarrean dagoen Pays egitura eta Lurralde Kontratua arraberritu. Aurten bukatzen da, eta hamarna milioi euro utzi ditu hemen, estatuaren partetik bederen 50 milioi. Prefetaren kezka nagusia kontratu berriaren prestakuntza da.
Harrigarria da aldarri berriei iraganeko formulekin ihardestea. Zergatik?
Gobernuak pentsatzen du bilakaera instituzional horrek ez duela tokirik, ez duelako Pirinio Atlantikoetako departamendua bereizi nahi. Nahiz eta bi polo ukan, Biarno eta Euskal Herria, egitura horrek koherentzia osoa du. Mendeetan hor egon dira, eta elkarrekin bizi dira. Erraitea erantzun zaharra dela, ez dakit, Lurralde Kontratuaren emaitzak hor dira. Horren ebaluazioa egiten ari gara. Uste dut ebazpenak erakutsiko duela sustapen efektu nabarmena eragin duela. Hainbat arlotan sustatu edo lagundu ditu xedeak, etxegintza arloan, industrian, enpleguan edo euskararen alde. Esparru horretan sortu zen Euskararen Erakunde Publikoa, finantzaketa eta guzti.
Sei mila lagun ziren Baionako manifestazioan. Kolore guztietako alderdiak, gizarte eragileak. Estatuak ez du deus aldatu horren inguruan, Alsazian edo Korsikan bai.
Ez dut erran nahi kopurua adierazgarria ez zenik. Baina aitzineko mobilizazioekin erkatuz, aitortu beharra dago ez duela hainbat mobilizatu. Harriturik geunden gazte gutxi zegoela ikustean. Uste genuen gehiago egonen zirela. Manifestazioa egitea eskubidea da, baina ez du aldatuko gobernuaren erabakia. Ikusi dugu hori sexu bereko bi pertsonen ezkontzaren kasuan. Jendetsuak izan ziren baina gobernuak ez du jarrera aldatu. Demokrazian bizi gara, hauteskundeak daude, parlamentuak bozkatzen ditu legeak. Ez du erran nahi gobernuak ez duela aldarriarekiko sentsibilitaterik, baina ez dio horrek jarrera aldaraziko.
Pays egitura aski dela diozu adostasun zabala dagoelarik kontrakoan. Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionala aztertzerakoan, ez ote daude hurbilago tokiko hautetsiak, Parisko teknikariak baino?
Kontrakoa frogatu arte, Parlamentuak egiten ditu legeak, ez tokiko erakundeak. Horiek lurraldeak kudeatzen dituzte, baina ez legeak sortu. Gobernuak edo Parlamentuak proposatzen dituzte legeak, bozkatzen dira. Legeak osatzen dituztenen artean parlamentarioak daude, aldian-aldian haien hautes-barrutian eta Parisen. Horrez gain, gobernuak administrazioa deszentralizatu du, tokiko informazioa, ikuspegi ezberdinak eramateko Parisera eta alderantziz. Gobernuak badu aski elementu baloratzeko eta erabakitzeko. Prefetak, bi astetik behin edo beharrezkoa den aldi oro, informazioa igortzen dio gobernuari, batzuetan proposamenak. Ez da iturri bakarra, baina elementu horiek kontuan harturik osatzen ditu gobernuak egitasmo ezberdinak. Bada administrazio zentrala eta egitura politiko bat ere kabinetea. Ezin da pentsatu proposamena teknikariena denik. Prozesu bat da, eta horretan kokatzen dira ere tokiko administrazioa eta gobernuak berak duen harremana, bai ordezkari politikoekin, bai gizarte zibilarekin.
Zein da Lurralde Elkargoa ez onartzeko egiazko arrazoia?
Gobernuak uste du gaur egun ez dugula erakunde edo antolaketa molde horren beharrik politika publikoak indarrean jartzeko Euskal Herrian. Departamenduan egin daiteke, bertze erakundeetan oinarrituz, izan daitezen herri elkargo edo bertze, Pays edo gisako egitura batekin edo sor daiteken bertze batekin. Denek dakigu horri buruzko proposamena dagoela parlamentuan eta ez dakigu zer ondorio ukanen duen. Beharbada, bertze antolaketa mota batzuk proposatuko ditu.
Adostutako proposamenari ezezkoa,adostasunik ez duen proposamena da mahai gainean, Baxenabarre herri elkargo bakarra bihurtzeko. Ondoko egunetan ebatziko du prefetak. Zein da horren segida ?
Oraingoz, prefetak ez du ebatzi. Egia da ez dagoela erabateko adostasunik baina gogoratu behar da 70 auzapezetatik 44k prefetari eskatu diotela perimetroa zehaztea. Hori ez da fusioa, baina prefetak hartuko duelarik erabakia, hiru hilabete ukanen dituzte herriek bat egiteko edo ez. Ez da fusio erabaki bat, prozesu baten abiatzea baizik, auzapez eta kontseilarien kontsulta. Adostasuna ez da osoa, baina ez da sekula horrela herriarteko egituretan. Ez dira hautetsi edo herri guztiak izan herriarteko egitura baten alde. Beti bada parte bat, herri batzuk, bertze jarrera bat dutenak. Baina hori da errealitatea. 44 herrik deliberatu dute alde egitea eta horrez gain, herri elkargo zenbait. Bertze aldean hautetsi batzuk daude, Garazi-Baigorri herri elkargoko presidentea. Bakoitzak bere argudioak plazaratu ditu. Prefetak kontsulta sakona egin du, harreman anitz ukan ditu. Nire aldetik, lan bilkura anitz egin ditut. Egun gutxi falta dira erabakia hartzeko, hiru hilabeteko epea baita kontsulta egiteko. Fusioari buruz abiatuko bagina, bertze epe batzuk daude gauzatzeko. Erabakia ez da hartua.
Duela bi urte ETAk armak behin betiko uztea erabaki zuen. Ondotik, nazioarteko adituek Aieteko adierazpena egin zuten, konponbidearen bidean urratsak egiteko eskatzeko Frantziari. Ez du egin. Zergatik?
Deus gutxi erran dezaket horri buruz. Izan ere, gaur egun Frantziako Gobernuak ez du uste bake prozesu batean engaiatu behar denik, pentsatzen duelako Frantzia ez dela sekula izan gerran. Baina ez da arrazoi bakarra. Gai hori ez da lantzen nire mailan, ezta departamenduan ere. Frantzian lantzen den afera da, eta nik ezin dut gauza handirik erran, jadanik ezaguna den Frantziako Gobernuaren jarrera berresteko ez bada. Sentitzen dut etsipena eragitea baina hori ez da nire ardura, ez dagokio nire mailari. Oharrak Parisera igortzen ditugu. Hori dugu eginkizuna.
Frantizako Estatuak ez du engaiatu nahi euskal gaietan?
Ez dut hori erran. Gainera, ez dut Frantziako Estatua erraiteko ohiturarik. Estatu bakarra ezagutzen dut, haren ordezkaria izanik. Gai oso minbera da; horregatik ez da lantzen nire mailan, gorago baizik. Ezin diet deus erantsi jendaurreko adierazpenei.
Ekainaren 15ean Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak konponbidean eragile aktiboa izan nahi duela erran zuen, urratsak egiteko prestasuna agertu. Frantziak iheslariak atxilotu ditu geroztik. Hori da erantzuna? Espainiaren ildoa segituko du beti?
Nahi dituzun ondorioak atera ditzakezu. Baina horretan ere, lehen eman dudan erantzuna eman behar dut. Atxiloketak euroaginduen ondorioz burutu dira, eta gainera libre daude. Lotura egitea atxiloketen eta Miarritzeko ekitaldiaren artean, sobera arin joatea litzateke. Baina egiazki, ezin dut deus erran. Judizialki, ez da prefetaren eskumena eta gaineratekoan, berretsi gai horiek ez direla lantzen nire mailan.
Miarritzeko ekitalditik gutxira atxiloketak egitea eskatu zion Espainiak Frantziari. Nork agintzen du Frantziako barne politikan, Espainiako edo Frantziako Barne ministroak?
Frantziako Gobernuak agintzen du barne politikan, ez Madrilek.
Elkarrizketa osorik irakurri nahi izatera, klikatu webgunea: www.berria.info
Patrick Dallennes. Baionako suprefeta
«Frantziak ez du uste bake prozesuan engaiatu behar duenik»
Iazko azaroan hartu zuen suprefeta kargua, eta borbor dauden gaiei erantzuten die Dallennesek. Ipar Euskal Herriko aldarriek ez dute oihartzunik Parisen, hauteskunde kanpainan egindako promesak ahantzirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu