Frantziak soldadutza eredu berri bat jarri nahi duela salatu dute GKSk deitutako manifestazio batean, gaur eguerdian, Baionan. «Boluntarioentzat balitz bezala hasi, eta gerora, Alemanian bezala, agian derrigorrezko izango da». Manifestazioan, herriko etxearen aurreko zubia moztu dute une batez hainbat gaztek, Zerbitzu militarrari ez! zioen pankarta bat zutela.
Frantziak indarrean jarri nahi duen eredua «neurri militarista bat» dela salatu dute, eta horregatik egin dute dei indarrean sartzen ari diren soldaduska ereduen aurka mobilizatzeko: «Ez gara zuen gerretan hilko».
GKSk salatu duenez, Emmanuel Macron Frantziako presidentea da «agenda belizista aurrera daramaten agintari nagusietako bat». Adibide gisa eman dute nola aste honetan erabaki duen gastu militarra handitzea: «36.000 milioi euro gehituko ditu berrarmatzearen gastura», esan dutenez, «eta 2026ko murrizketa soziala, berriz, 43.800 milioikoa izango da».
Azaldu dutenez, Frantzia ez da «agenda belizista» hori betetzen ari den bakarra: «Kontrara, oligarkiaren estatu guztiek onartu dute, eta betetzen ari dira, sozialdemokraziatik hasi eta ultraeskuinera, NATOren eta Europako Batasunaren menpean». Eta uste dute «langile klasea» izango dela kaltetuena: Seme-alabak bidaliko dituzte frontera. Bitartean, etxean geratuko dira oligarkiak, politikari profesionalak eta gerratik etekina aterako dutenak. Langile klaseak ez du ezer irabazteko oligarken eta inperioen arteko borroketan».
«Euste horma bat» eraikitzera deitu dute, «faxismoaren eta estatuen biraketa autoritarioari erantzuteko». Mezu hori nagusituko da GKSk urtarrilaren 31rako Bilboko eta Iruñeko kaleetan antolatu dituen manifestazioetan, eta haietan parte hartzera deitu du.