Hizkuntza gutxituak. Murgiltze eredua. Marie-Andree Ouret. Biga Bai elkarteko bozeramailea

«Frantziako Estatuak bere esku atxiki nahi izan du eskola publikoa»

Azken asteetako erreakzioak ikusita, Biga Bai elkarteko buruak uste du Frantziako Konstituzio Kontseilua «gibelatu» egin dela. Hala ere, kezka azaldu du murgiltze eredua ezartzekotan diren eskola publikoen gainean.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ion Orzaiz.
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Eskola publikoan euskara bultzatu nahi duen guraso elkarteko burua da Marie-Andree Ouret (Suhuskune, Nafarroa Beherea, 1970). Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzo argitaratutako komentarioak zalantza ugari eragin dizkie murgiltze ereduaren etorkizunaz.

Egoera aldatzen du Konstituzio Kontseiluaren irizpen berriak?

Bai, badirudi egoera aldatuko duela, neurri batean. Zentsuraren eremutik kanpo kokatzen ditu murgiltze ereduaren alde dauden zenbait eskola, bai pribatuak, baita, Seaskakoak bezala, elkarteen sisteman bilduta daudenak ere. Hortaz, biziki berri ona da. Ez dakiguna da komentario horrek zer balio juridiko izanen duen zehazki. Ikusi beharko da. Edonola ere, erran daiteke Konstituzio Kontseiluak gibelera egin duela, gisa batez.

Ez, ordea, eskola publikoari dagokionez...

Ez dakigu zer gertatuko den, baina argi dago eskola publikoa bakartu eta jomugan jartzen duela komentario honek, lehen baino are gehiago.

Irits daiteke eskola publikoko esperimentazioa etetera?

Hori da galdera. Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak ez ditu gauzak zeharo aldatzen, baina zalantzan jartzen ditu sail publikoan egiten diren murgiltze horiek. Badira hiru proiektu, irailetik aitzina sail publikoko beste horrenbeste eskolatan murgiltze esperimentazioa ezartzeko, baina Konstituzio Kontseiluak berretsi du ez duela murgiltzerik onartuko sail publikoan; hortaz, ez dakigu zer gertatuko den. Orain artean bezala, erran dezakeguna da erabaki hori ez dela zuzena eta gurasoek galdegiten dutenaren kontra doala. Eta borrokatuko garela. Badakigu biziki zaila dela halako erabaki baten kontra joatea, baina gurasoek nahi dutena defendituko dugu.

Murgiltze eredua definitzeko tenorean, Konstituzio Kontseiluak bi ezaugarri aipatzen ditu: eskolak euskaraz ematea eta ikastetxeko komunikazio hizkuntza euskara izatea. Hala ere, sare publikoko eskola elebidunen komunikazio hizkuntza frantsesa da. Helduleku bat izan liteke ebazpenari izkin egiteko?

Izan liteke, bai. Hori aztertzekoa da, debekua gainditzeko zirrikitu bat izan daitekeelako. Finean, eskola publikoetako murgiltzea ez da eurek definitu duten bezalakoa, eta juridikoki erabil daiteke. Ongi aztertu beharra dago nondik pasa gintezkeen, aitzina segitzeko.

Orain arte, elkar hartuta joan dira sare publikoa, pribatu-erlijiosoa eta Seaska, ebazpenaren kontra. Batasun hori apurtzeko saialdi bat izan daiteke atzo argitaratutako komentarioa?

Nik baietz uste dut, orain arteko erreakzioen aitzinean beldurtu direla, gisa batez. Batez ere, elkarte bidezko murgiltze ereduaren aurrean gibelatu dira, Seaskaren eta bestelako elkarteen eskolak zentsuratik kanpo utzita; aldiz, Frantziako Estatuak bere esku atxiki nahi izan du sail publikoa. Hortaz, murgiltzearen alde egin dugun borroka komun hori moztu nahi izan dute, baina espero dut, aurrerantzean ere, elkarrekin eginen dugula aitzinera, eskutik helduta, eta murgiltzea geldituko dela lurraldeetako hizkuntzak irakasteko. Finean, denontzako lehentasun bat da defendatzen duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA