Orotara, Hezkuntza Ministerioak 80 biktima-kolektibo zenbatu ditu, 260 bat ikastetxetan gertatutako indarkeriekin lotuak, eta gehienak ikastetxe pribatuei dagozkie. «Bada arazoak barne mailan kudeatzeko joera, arazo horiek itotzeko joera, irakaskuntza publikoan bezainbat, gehiago ez bada», azaldu dute Frantzia Intsumisoko Paul Vannier eta Renaissance taldeko Violette Spillebout diputatuek. Biak dira ikerketa parlamentarioaren txostengileak, Frantziako Asanblean eskoletako indarkeria aztertzeko sortu zutena.
Batzorde horren lana argitaratu dute gaur: haurren kontrako indarkeriari bidea irekitzen dioten mekanismoak aztertu dituzte, eta 50 gomendio aurkeztu dituzte bi txostengileek. Goizean egin duten prentsaurrekoan, argiki adierazi dute txostenak «[Frantziako] Estatuaren akats nabarmena» erakusten duela. Ondorioztatu dutenaz, ikastetxe pribatuen kasuan, bada «indarkeria sistemikoagoa» izateko joera, eskola publikoez desberdina, nahiz, zehaztu duten bezala, eskola publikoetan ere «indarkeriak gertatzeko arrisku bera» izaten den.
Horrekin lotuta, salatu dute ikastetxe pribatuetan egiten diren kontrolak eskasak direla, eta horrek ere bidea ematen diola indarkeriari.
Ikerketa parlamentarioa Betharramgo (Okzitania) ikastetxe pribatu katolikoan gertatutako indarkeria kasuengatik abiatu zuten: Betharram ikastetxeko ikasle ohiek iazko urri hatsarrean sortu zuten Facebook talde bat eskolan zirelarik bizitako sexu erasoak eta bortizkeriak salatzeko. Ikastetxeko apez eta zaindari ohi batzuen kontrako 200 salaketa baino gehiago bildu dituzte dagoeneko. Ikerketa parlamentarioaren txostenean, hain zuzen, 63 orrialde bete ditu Betharramgo aferak, eta «txostengileek zerrendatutako arazo eta disfuntzio guztiak biltzen ditu». Halere, egin duten lana anitzez ere orokorragoa izan da.
Ikerketa egiteko eta txostena osatzeko, Frantziako diozesa guztien artxiboak galdegin dituzte eta, txostenaren lehen liburukian zehaztu duten bezala, gehien-gehienek baimena eman diete artxiboak ikusteko, Marc Aillet Baionako apezpikuak izan ezik, hain zuzen ere. Ailletek dokumentuak erakusteari uko egitea erabaki «ohargarri» gisa definitu dute txostengileek; «datuak babesteko araudi orokorra betetzeko» aitzakia harturik errefusatu du.
50 gomendio
Goizean plazaratu dute txostena, eta 11:00etan prentsaurrekoa eman dute: txostenetik ateratako ondorioei erantzun emateko landu dituzten 50 gomendioak aurkeztu dituzte. Besteren artean, biktimen aitorpena, preskripzio epearen aldatzea, Frantzia mailako zelula baten irekitzea eta ikastetxe publiko zein pribatuen kudeaketa bateratuagoa proposatu dituzte.
Ikastetxeetako indarkeria kasuak aztertu dituztenez, adingabeak dira biktimak. Hala, zera proposatu dute bi txostengileek: adingabeei egiten zaien sexu indarkeriari dagokion preskripzio epearen aldatzea. Erraterako, adingabeen kontrako sexu krimenen epaitzeko epea biktimak heldutasun adinera iritsi eta 30 urtera iragan zen Frantzian 2018an. 2021eko legearen arabera, epe hori luzeagoa da baldin eta erasotzaileak beste haur bati eraso egin badio. Berrikien gertatu den erasoaren arabera kalkulatzen da preskripzioa, baina Betharramgo kasuan, adibidez, badira zenbait gertakari duela 30 urte baino gehiago gertatu zirenak, eta, beraz, preskripzioak eraso horiek ezeztatzen ditu.
Gaur egungo preskripzio epeak aldatzeaz gain, biktimak aitortzeko funts baten sortzea proposatu dute txostengileek, kalte ordainak banatzeko. Eta, horretarako, behar-beharrezkotzat jo dute biktimei bidea erraztea seinalamenduak ezartzeko, zelula baten bidez: Signal Educ plataforma nazionala sortzea proposatu dute, «hierarkiaren bidea hartu nahi ez duten edo hartu ezin duten ikastetxeetako langileentzat eta ikasle eta gurasoen ordezkarientzat». Spillebout diputatuak erran du «seinalamenduaren kultura» sustatu behar lukeela plataforma horrek, 2025eko ikasturte hasieratik goiti.
Bestalde, behin eta berriz azpimarratu dute zer-nolako desberdintasunak diren indarkeria kasuen jarraipenean ikastetxe publikoen eta pribatuen artean. Ikastetxe pribatuak, Frantzian, kontratupean dira Estatuarekin, eta, diru publikoarekin funtzionatzen duten arren, haien funtzionamenduaren jarraipena barrutik egiten da anitzez ere gehiago. «Ikastetxe guztien gidaritza bateratua nahi dugu, gaur egun ezberdina baita ikastetxe publikoen eta pribatuen artean; ikasle guztien segurtasuna bermatu nahi dugu», adierazi du Vannierrek, bigarren txostengileak.
Azkenik, prebentzioaren segurtatzeko beharra ere azpimarratu dute.
Bayrou, «gezurretan»
Frantziako lehen ministro François Bayrouz ere mintzatu dira, Betharramgo aferarekiko biziki jokabide aldakorrak ukan dituelakoan. Vannier ikerketa batzordeko kideak «gezurretan» aritzea leporatu dio lehen ministroari, eta erran du Bayrouk «zin faltsua» egin zuela iragan otsailean, Asanblea Nazionaleko ahozko saioan, ikerketa parlamentarioaren harira galdekatu zutenean. Baina, bi egun berantago, Mediapart aldizkariak atera zituen adierazpen eta dokumentuek erakutsi zuten Bayrou 1990eko hamarralditik zuela ikastetxe katoliko hartako gertakarien berri. Besteak beste, bere garaian bi ikasle ohik jarri salaketak jakinak zirelako Bayrou Frantziako Hezkuntza ministro zelarik. Hain zuzen, Mediapart-ek orduko prentsa artikuluak oroitarazi zituen, Bayrou Hezkuntza ministroak Betharramgo ikastetxe katolikoari bere sustengua erakutsi baitzion salaketak jarri zituztenean.
Goizeko prentsaurrekoan, Fatiha Keloua Hachi ikerketa batzordeko presidente sozialistak berriz aipatu du Bayrouri egin zioten elkarrizketa, zeinak bost oren eta erdi iraun baitzuen. Trukaketa «akigarria» izan zela erran du, lehen ministroa ez zelako «sinesgarria, argia eta laburra» izan. Salatu du «umeei belarrondoko bat ematea baimentzen duen mundu batean» bizi dela. Oroitarazi du, halaber, Betharramgo kasuez «alerta zabaldu zuen Françoise Gullung [irakaslea] suntsitzen saiatu» zela, haren erranen sinesgarritasuna deuseztatu nahian.