Frantziako Estatuaren deszentralizazioaren alde pario egin nahi du Batera-k

Martxoko herriko bozen ondotik, estatus bereziko lurralde elkargo baten aldeko gehiengoa lortu nahi dute Euskal Elkargoan. Azaroaren 22an foroa eginen dute Baionan, instituzio berriak nolakoa izan behar lukeen eztabaidatzeko.

Batera-ren prentsaurrekoa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Batera-ren prentsaurrekoa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko urriaren 14a
16:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batera plataformak uste du ondoko urteetan Frantziako Estatuaren deszentralizazio prozesu bat gertatuko dela, eta abagune hori baliatu nahi du Ipar Euskal Herriarentzat estatus bereziko lurralde elkargo bat aldarrikatzeko. Heldu den urteko herriko bozetan izanen dute lehen erronka: instituzioaren gaia lehen lerroan izatea nahiko lukete, eta espero dute bozetako emaitzak gehiengo bat emanen duela Euskal Hirigune Elkargoan lurralde elkargo berriaren alde. Anartean, instituzio ereduak eta erakunde horrek har litzakeen eskumenak gogoetatzeko foroa eginen dute. Azaroaren 22an izanen da, Baionako Arteen Hirian. 

Apirilean iragarri zuten Batera plataforma birfundatzeko xedea, eta maiatz hasieran 2028 arteko bide orria finkatu zuten Ezpeletan (Lapurdi) egin zuten biltzar nagusian. Ordutik, ibilmoldea antolatu eta lantaldeak egituratzen aritu dira. Plataformako eledunen hitzetan, «adostasun handia» dago estatus bereziko lurralde elkargo batera jauzi egiteko.

Eta haizea alde dutela uste dute. Hala adierazi dute Peio Jorajuriak eta Ana Ezkurrak, azaroko foroa iragartzeko Baionan egin duten agerraldian. Batetik, IFOP institutuak udan argitaratu zuen inkesta dago: Ipar Euskal Herriko herritarren %62 halako erakunde baten alde leudekeela adierazi zuen txostenak. Baina Parisen ere deszentralizazioa «denen ahotan» dela baieztatu dute. François Bayrou lehen ministro izan zen boladan, Paris, Lyon eta Marseillako bozka sistemari buruzko erreformatzeko legeak onartu zituzten, eta Mayotte uhartean estatu bereziko lurralde elkargo bat sortzea onartu zuten. Ondotik, Sebastien Lecornuk ere iragarri zuen «deszentralizazio fase» bat hasiko zuela lehen ministro izendatua izan bezain laster.

Batera plataforman ere badakite Frantziako egoera instituzionala desegonkorra dela, eta gobernuan aldaketak izan daitezkeela iradoki dute, baina ez dute dudan jartzen deszentralizazio ideiarekin segituko dutela. «Eskas demokratikoa agerian delarik, hostopil administratiboa sinplifikatu behar delarik eta instituzio publikoen eraginkortasun eskaseko ekintzaren aitzinean, eragile politiko guziek bat egiten dute erreforma baten beharra badela», adierazi dute. Eztabaida horretan, estatus bereziko lurralde elkargoaren aldarrikapena eman nahi dute mahai gainean. 

Zer eta nolakoa

Frantziako Estatuko administrazioan tokiko lau erakunde zehazten ditu legeak: herriko etxeak, mankomunitateak —herri, hirigune ala hirialde elkargoak izan daitezke, neurriaren arabera—, departamenduak eta eskualdeak. Bakoitzaren irizpideak eta eskumenak Frantziako Legeak zehazten ditu, eta lurralde guzietan berdinak dira. Estatus bereziko lurralde elkargoa eskema horretatik ateratzen den edozer izan daiteke; Frantziako Konstituzioaren 72. artikuluak biltzen du aukera hori. Frantziako Asanbleak onartutako lege bat behar da halako erakunde bat sortzeko. 

Batera-ko kideek Lyongo metropoliaren adibidean eman dute azpimarra azken hilabeteetan. Izan ere, hirialde elkargoa eta departamendua desagertu, eta haien eskumena bereganatuta sortu zen 2015ean; pareko bidea egin liteke Euskal Hirigune Elkargotik abiatuta. Horrez gain, Lyongo ereduak auzapezen ordezkaritza bat ere aurreikusten du bere organigraman; hori ere puntu positiboa da Batera-koentzat. Hala ere, argi dute ordezkatze sistema propioa gogoetatu beharko dutela. «Zein da formularik hoberena gure kasuan? Gure lurraldearen errealitatea kontuan harturik egokiena? Nola uztartu sufragio unibertsal zuzena eta herrien ordezkatzea? Nola erantzun denen beharrei, kostalde hiritarraren eta landa barnealdearen beharrei ere erantzunez? Galdera horientzat erantzun propioak asmatu beharko ditugu», adierazi dute.

Gauza bera gertatzen da eskumenei dagokienez. Estatus bereziaren oinarrietan dago berezko eskumenez gain «gehigarriak» ere bereganatzea. Hori ere gogoetagai izanen dute ondoko hilabeteetan, erabakitzeko zein diren Ipar Euskal Herri mailan jorratu nahi dituzten arloak eta zein diren lehentasunez bitorkiratu nahi dituzten eskumenak. «Izan litezke departamenduarenak, eskualdearenak eta baita estatuarenak ere. Geure buruari ez diogu ezer debekatzen», argitu du Jorajuriak. Horiek guziak eztabaidatuko dituzte azaroaren 22ko foroan. 

Ondoren, negoziazio aldia izanen da. Frantziako Estatuarekin batetik, baina baita tokiko erakundeekin ere. Izan ere, estatus bereziko lurralde elkargoaren kontra agertu da azkenaldian Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea. Eta argiki hala adierazi ez badu ere, erakutsi du oztopoak jartzeko prest dela. 

Gehiengo bila

Ahalik eta gehiengo zabalena lortu nahi du Batera-k, orain dela hamarkada bat osatu zutenaren parekoa. Martxoan iraganen diren herriko bozetan izanen dute horretarako aukera bat. 2014ko hauteskundeetan bezala, bilakaera instituzionalaren gaiak bozetako kanpaina baldintzatuko duela espero dute, ororen buru, haren aldeko gehiengo bat osatuz Ipar Euskal Herriko erakundeetan. Hautagai guziengana jotzeko borondatea agertu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.