Osasuna

Frantziako Osasun Legea onartu dute Asanblea Nazionalean

Aldeko 311 bozekin eta aurkako 241ekin egin du aitzina. Hamar diputatu abstenitu dira. Senatura joanen da orain, baina itzuli bakarra eginen du, prozedura "lasterrean" ari baitira aztertzen. Ordainketa sistema aldatu eta hainbat prebentzio neurri ezarriko ditu.

Marisol Touraine Frantziako Osasun ministroa. ETIENNE LAURENT / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2015eko apirilaren 14a
08:07
Entzun

Medikuen protesta iturri izandako Osasunaren Legeak pasatu du lehenbiziko filtroa. Frantziako Asanblea Nazionalean onartu dute jada, hain zuzen, Marisol Touraine Osasun ministroak proposaturiko legea. PS, ekologista eta Ezkerreko Fronteko diputatuen babesa jaso du, eta UMP eta UDI-koek aurka bozkatu dute. Ezkerreko Erradikalek ez dute boto irizpiderik eman.

Ordaintzeko sistema aldatuko du bereziki Osasun Lege berriak. Izan ere, zuzeneko ordainketarik gabeko sistema orokortu eginen dute. Orain arte medikuaren kontsultak diruz ordaindu behar ziren, eta gero gizarte segurantzak gaixoari itzuli egiten zion dirua. Soilik gutxi batzuk ez zuten zuzenean ordaindu behar. Hemendik aitzina, ez dio inork zuzenean ordaindu beharko sendagileari. Medikuen sindikatuak kexu agertu dira aldaketa horrekin, lanbideari kalte eginen diolakoan. Protesta ugari egin dituzte azken hilabeteotan.

Prebentzioa sendagai

Ordainketaz gain, bereziki gaixotasunak prebenitzeko neurriak bilduko ditu legeak. Drogen kontsumoa mugatuko dute, eta bereziki, tabako eta alkolarena: zigarreta paketeen diseinua neutroa izan beharko da 2016rako, adibidez. Zigarreta elektronikoa ere debekatuko dute leku publiko ugaritan. Bertzalde, anorexiaren aurkako neurriak ezarriko dituzte, hala nola, modeloei gutxieneko pisu bat exijituz. Abortuari dagokionez, zazpi eguneko "gogoeta astea" kenduko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.