Jon Anza euskal militantearen omenaldiagatik azalpenak emateko Info7 irratiko esatari bat deitu du Frantziako Poliziak, Kazeta.info-k dioenez. "Ekitaldiaren antolatzaile gisa" deitu dute. Info7ko lankideek kazetariaren lana babestu eta Poliziaren jarreragatik kezka azaldu dute.
Anza zenari uztailaren 24an egin zioten agur omenaldia, Ziburun. Ustekabean ETAko hiru kide azaldu ziren oholtzan. Anaiz Funosas Askatasuneko ordezkariak joan den hilaren 6an Baionako polizi etxera joan behar izan zuen deklaratzera.
Omenaldiak bi une ezberdin izan zituen. Lehenengoan, kazetariak bertan zirela, ezker abertzaleko ordezkariek adierazpen bat egin zuten. Ondoren, kazetariei bertatik alde egiteko eskatu zieten, "familiak eta lagunek euskal iheslariari azken agurra intimitatean egiteko eskubidea bermatzeko".
2009ko apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza. Baionan ikusi zuten azkeneko aldiz, geltokian. Tolosara zihoan, ETArekin bilera bat egitera, honek gero jakinarazi zuenez. Ofizialki aurtengo martxoaren 11n jakin zen hilda zela eta gorpua Tolosako (Okzitania, Frantzia) Purpan erietxean zegoela. Informazio ofizialen arabera, preso ohia apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean osasun egoera txarrean, hiriko erietxe horretara eraman zuten, maiatzaren 11n hil zen eta harrezkero Purpaneko gorputegian egon zen.
Uztailaren 23an ekarri zuten Anzaren gorpua Euskal Herrira, Tolosatik. Harrera egin zioten Ziburuko gorputegian. Hurrengo egunean ezker abertzaleak omenaldia egin zion Ziburun bertan. Uztailaren 26an lurperatu zuten Anza Lapurdin -ez zuten jakinarazi lekua-, familia eta hurbilekoen artean.
jon anza auzia
Frantziako Poliziak Info7 irratiko kazetari bat deitu du Anzaren omenaldiagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu