Frantziako Poliziak ustezko lau etakide atxilotu ditu Lonsen

Etxe berean atxilotu zituzten, goizeko 06:30ean, baina etxearen miaketak arratsaldera arte iraun zuen

Erredakzioa
2003ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak ustezko lau etakide atxilotu zituen atzo goizeko 06:30ean, Pauetik hurbil, Lons herriko etxe batean. Atxilotuak, polizia iturrien arabera, Gorka Palacios Aldai, Jon Rubenach Roig, Iñigo Vallejo Franco eta Mikel Almandoz Erbiti dira azken horren izena besteena baino ordu batzuk geroago zabaldu zuten, aurretik beste izen bat eman baitzuten. Laurak Lons herriko etxe handi batean zeuden atxilotzean. Lonseko alkateak adierazi zuenez, alokairuan zuten etxe hori, iragan uztailetik. Auzoen arabera, atxilotuek «diskrezio handiz» jokatzen zuten.

DNATk eta Bordeleko Polizia Judizialak egun osoa eman zuen etxea miatzen; eta, inkestaren egileek zabaldu zutenez, armak, dokumentuak, hiru auto, agiri faltsuak eta bertze hainbat elementu aurkitu zituzten. Miaketak bururatu ondoan, Baionako Poliziak eraman zituela zabaldu zuten, eta handik Bordelera igorriko dituztela. Atxilotuek 96 oren egin ditzakete Poliziaren esku; ondoren, epailearen aitzinetik pasatuko dira, Parisko Auzitegian.Polizia iturrien arabera, Gorka Palacios ETAko komandoen buruzagia da, Ibon Fernandez Iradirekin batera. Diotenez, irailean sartu zen ETAko zuzendaritzan, eta hiru hilabeteotan, «ETAko egitura militarreko ardura nagusia» betetzen zuen, betiere Polizia iturrien arabera. Haien ustez, ETAk barne berregituraketa bat egin zuen joan den udan, eta horren ondorioa litzateke Palacios zuzendaritzan sartu izana.

1997tik ihesean

Gorka Palacios Durangokoa da jatorriz, eta 29 urte ditu. 1996an eta 1997an hainbat atentatu eta atentatu saiotan parte hartu izana leporatzen diote, eta 1997an eman ziola ihesari. ETAk su-etena hautsi ondoko lehen atentatuaren ardura ere Palaciosen bizkar ezartzen dute polizia iturriek 2000ko urtarrilaren 21ean, Jesus Blanco Armadako tenientea hil zuten, Madrilen. Urte bereko uztailean, Malagako Jose Maria Martin Carpena PPko zinegotzia hiltzea ere leporatzen diote.

Jon Rubenach eta Iñigo Vallejo ere erakunde armatuko «kide garrantzitsuak» direla eta Palacios bezala Europako Batasuneko «terroristen zerrendan» zeudela esan zuen Poliziak. Vallejok 27 urte ditu eta Basaurikoa da;Rubenach Bilbon sortu zen, duela 41 urte. Azken horri ETAko militanteen trebakuntzaz arduratzea leporatzen diote, eta erakunde armatuko «logistika operatiboko buruzagi» izatea. Jesus Blanco tenientearen eta Francisco Querol epailearen kontrako atentatuak planifikatzearen hobeduntzat ekarria da. Rubenachek 1994ean egin ei zuen ihes, Nafarroa komandoaren kontrako operazio baten ostean.Vallejok 2000ko ekainean egin zuen ihes. Autobus bat erretzeagatik Basauriko hainbat gazteri 17 urteko espetxe zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak, eta espetxeratu aurretik horietako batzuek ihes egin zuten. Vallejo da gazte horietako bat. Poliziaren arabera, gainera, Vallejok Espainiako Poliziari ihes egitea lortu zuen, Valentzian, berarekin hotel berean zegoen ustezko etakide bat atxilotu ostean. Almandozi buruz, xehetasun gutxiago eman zuten. Polizien arabera, ETAko «legezko» kidea zen eta komandoen zuzendaritza egituran parte hartzen zuen.

Frantses eta espainiar agintarientzat, atzokoarekin eta Fernandez Iradiren atxiloketarekin, ETAko buruzagitzari «bi kolpe» eman dizkiote. 1992ko Bidarteko operazioa aipatu zuten, horien ondotik. Geroztik, erakunde armatuaren egiturei emandako «kolpe gogorrena» dela diote.

Atzoko operazioa 1992koa bezala planifikatu zutela dio Poliziak, zain egon zirela lau kideak etxe berean elkartu arte, guztiak batera atxilotzeko. Gisa horretan, Polizia iturriek azaldu zuten atzoko atxiloketak ez zirela Fernadez Iradirenarekin lotuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.