Atxiloketak

Frantzian atxilotutako ustezko bi etakideak Parisera eraman dituzte gaur

Olga Comes eta Asier Ezeiza bihar eramango lituzkete epailearen aurrera. Frantziako Poliziak ez du "ezer apartekorik" aurkitu miatu duen etxebizitzan.

2008ko uztailaren 28a
18:49
Entzun 00:00:0000:00:00
Olga Comes eta Asier Ezeiza lehengo ostiralean Dijon inguruan Frantziako Poliziak atxilotutako bi euskal herritarrak gaur eraman dituzte Parisera, polizia iturriek zabaldu dutenez. Asmoa bihar epailearen aurrera eramatea da. Poliziak ETAko kide izatea leporatzen die.

Montmançon herrian etxebizitza bat miatu du Poliziak egunotan, eta ez du "ezer apartekorik" topatu, berak aitortu duenez. Ikerketa iturrien arabera, etxeko jabeak identifikatu du Comes baina ez Ezeiza. Poliziak dio bi horien autoan errebolber bat aurkitu duela.

Guardia Zibilak atxilotutako hiru lagun, aske

Guardia Zibilak asteartean eta ostegunean Bizkaian, Galizian eta Espainian atxilotutako hamar lagunak larunbatean eraman zituzten Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera, ETAko Bizkaia sareko kideak direlakoan, eta epaileak igande goizean erabaki zuen Arkaitz Goikoetxea, Maialen Zuazo Aurrekoetxea, Ana Belen Prieto Furundarena, Gaizka Jareño Ugarriza, Iñigo Gutierrez, Mikel Saratxo eta Aitor Kotano Sinde kartzelara bidaltzea. Soto del Realen (Espainia) sartu zituzten.

Libe Agirre Mazaga eta Inge Urrutia baldintzarik gabe aske utzi zituen Garzonek, eta Adur Aristegi Aragoni hamabi mila euroko bermea jarri dio.

Askatasunak esan duenez, hamar atxilotuek torturak jaso izana salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.