Frantziaren migrazio politikak salatu dituzte Baionan, familia kolonbiar baten kanporatze arriskua dela eta

2022ko azaroan iritsi zen Euskal Herrira Suarez Aguirre: lanbidea badu Lapurdiko kostaldean, eta eskolatuak ditu seme-alabak, juntatu zitzaizkionaz geroztik. Administrazio auzitegiak, ordea, astelehenean Kolonbiara itzultzeko agindu die.

Cimaderen prentsaurrekoa, gaur goizean, eskuinaldean berdez dagoen Suarez Aguirreren eta bere seme-alaben kanporatzea salatzeko. PATXI BELTZAIZ
Cimaderen prentsaurrekoa, gaur goizean, Suarez Aguirreren —eskuinaldean, berdez— eta haren seme-alaben kanporatzea salatzeko. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko urriaren 16a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete eskas falta zuen egonaldi baimena galdegin ahal izateko, baina astelehenean hegazkinean sartu eta Kolonbiara itzultzeko agindu dio Frantziak Yorleny Suarez Aguirreri, eta haren bi seme-alabek ere Frantziatik atera behar dutela erabaki du auzitegiak. 2022ko azaroan iritsi zen Euskal Herrira Suarez Aguirre, bakarrik: lana atzeman, dirua irabazi eta bere haurrak ere Kolonbiatik etorraraztea zuen helburu. Lortu zuen, hain zuzen, eta aitarekin iritsi ziren gero. Eskolatuak daude geroztik: Cantau lizeoan 15 urteko semea, eta Camus kolegioan 13 urteko alaba. Euskal Herrira etortzean bilatzen zuen «etorkizun duinaren» bidean zihoazela iritsi da kontrola: Frantziako lurraldea uzteko agindupean da Suarez Aguirre hiru urterako, lurraldean batere egoteko debekua du bi urterako, eta Kolonbiara astelehenean itzultzeko agindua du.

Cimade elkarteak goizean egin du prentsaurrekoa familiaren egoera salatzeko. Elkarteko kideek ez ezik, Suarez Aguirrek berak ere hitza hartu du: «Nire asmo bakarra nire seme-alaben babestea da: haien ama naiz, eta etorkizun hobea eskaini nahi diet; haien osasun emozionala ere segurtatu nahi dut». Kolonbia utzi zutelarik, Suarez Aguirreren senarra erretretan sartu berria zen, eta, azaldu dutenaz, «mendekuaren arriskuan» bizi ziren etengabe hura eta familia osoa, gizona polizia izana baitzen; gizarte asurantzaren gerizarik kasik ez omen zuten jasotzen, gainera.

Familia osoa Euskal Herrian biltzea lortu zuenerako, Suarez Aguirre jardunaldi erdiz lanean ari zen adinekoak zaintzen. Apartamentu bat alokatua du, eta zergak ordaintzen ditu. «Gaizki-ulerturik izan ez dadin», Cimadekoek azpimarratu dute, gainera, Frantziako Estatuaren diru laguntzarik ez duela jaso, ezta etxebizitzaren saria ordaintzeko ere. Duela zenbait hilabete kontrolera deitu zutelarik Hendaiako komisariara (Lapurdi), jadanik hori zuen egoera.

Familiak ez du oraindik argi zer eginen duen astelehenean. Prefeturaren erabakiak zehazten duenaz, hegazkinean ez badoaz ere, libre geratuko lirateke, baina, eragileek azaldu dutenaz, istorioa osoki errepikatzea besterik ez litzateke, eta, bigarren aldian, bai, orduan agian atxilotuko lituzketela. Familiaren aitari dagokionez —Suarez Aguirrerengandik bereizia da orain—, ez zuen kontrolik ukan, eta, beraz, haren kasua ez da administraziora heldu; gutun bat idatzi dio prefeturari erabakia berrikus dezan, aita seme-alabengandik bereiztea ekarriko bailuke Suarez Aguirreren eta haurren kanporatzeak.

«Delinkuentziara bultzatuak»

Frantziaren migrazio politikak salatu dituzte gero, Suarez Aguirreren kasutik abiaturik egoera orokortuaren analisia eginez. «Gaur egun, inoiz baino zailagoa da pertsonen erregularizatze prozedurak lortzea». Legeak bata bestearen ondotik aldatuak izan dira, eta beti «gogortuak»: 2012ko Valls zirkularra, 2024ko Darmanin legea, 2025eko Retailleau zirkularra... Urteak aitzina, Frantziako lurraldea uzteko agindua urte bakarretik hirutara iragan da, lanbideak baldintzatutako erregularizatzeari mugak ezarri zaizkio, eta, batez ere, administrazio prozedurak geroz eta «konplikatuagoak» bilakatu dira, «zentzugabekerien» ondorioz.

Suarez Aguirreren kasuari begiraturik, adibidez, administrazio auzitegiak leporatu dio erregularizazio prozedurarik hasi ez izana; ordea, delako prozedura ezin da aktibatu pertsonak hiru urte pasatu ez baditu lurraldean; hilabete eskas falta zaio Suarez Aguirreri horretarako.

Etorkinekin elkartearen izenean Eñaut Aramendi mintzatu da, eta salatu du Frantziak migratzaileak «delinkuentziara bultzatzen» dituela: «Politika geroz eta arrazistagoak dira; batzuetan, kriminalak. Jatea, edatea eta lo egitea oinarrizko beharrak dira, baina kapitalismoak baldintzatutako gizarte batean, lan egitea ere oinarrizko behar bilakatzen da». Hain zuzen, lan egin behar da erregularizazio prozesua abiatu ahal izateko, baina nagusiek zigorrak jaso ditzakete legez kanpoko egoeran den atzerritar bati lana eskaintzen badiote; horixe arautzen dute migrazio politikek. Gaur egun, isuna 25.000 eurokoa da.

Arazoaren beste alde bat ere azaleratu dute, atzerritarrei beldurra sortzen diena erregularizaziorako dosierrak aurkezteko: eragileek salatu dute Frantzian egoteko debekuak «sistematikoki» geroz eta sarriago ezartzen dituztela prefeturek, eta, beraz, migrazio politikek berek bultzatzen dituztela migratzaileak legez kanpo egotera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.