Gaur goizean elkarretaratzea egin dute, Senperen (Lapurdi), Frederic Haranburu Xistor-en askatasuna eskatzeko. Euskal preso hori baldintzapean aske uzteko eskaeraren alde egin zuen atzo Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, baina berehala dei egin zuen terrorismoaren aurkako fiskaltzak, eta Lannemezango (Okzitania) presondegian segitu beharko du oraingoz. Berantenez irailaren 24a aitzin aztertu beharko du Dei Auzitegiak Haranbururen kasua. Gaur, dozenaka herritar batu dira Senperen 30 urte aski da! lelopean; errepideak oztopatu dituzte lastozko fardoekin, eta eskuorriak banatu dizkiete ibilgailuetako gidariei, euskal presoaren askapena eskatzeko.
Zigorrak Ezartzeko Auzitegiaren erabakia «biziki ongi argumentatua» zela erran du Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak. Haren hitzetan, maila pertsonalean Haranburuk aurkeztu duen proiektuari oniritzia emateaz gain, epaitegiak «ontzat ematen du hemen egin den bide guzia, instituzioen babesa, eta erraten du ezin dela zalantzan eman bake prozesuaren existentzia». Funosas «pozik» agertu da Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak erakutsi duen «borondatearekin», baina terrorismoaren aurkako fiskaltzaren «jarrera» deitoratu du. «Argi gelditzen da nor den bake prozesuaren etsaia», adierazi du, eta erabakiaren gibelean «borondate politiko bat» dagoela erran: «Fiskaltzak argiki adierazten diguna da hauek heriotzaraino preso atxiki nahi dituztela».
.@Anaizfunosas1-ren adierazpenak, Senperen. @BakeBidea-ko presidentearen hitzetan fiskaltzaren jarrerak erakusten du Parot, Esnal eta Haranburu "heriotzeraino preso" atxiki nahi dituztela @berriapic.twitter.com/M8uevz5XMk
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) July 25, 2020
Bake Bideko eledunaren ustez, lanean segitu behar da «etsipenean erori gabe», eta euskal presoen etxeratzea bideratzeko «gogoarekin eta determinazioarekin» jarraitzera deitu du. «Badugu gaitasuna mobilizatzeko, ez gara etxean gelditzen, eta hori da gure indarra». Irailaren 19an mobilizazio egun bat antolatuko dutela erran du, eta parte hartzera deitu du.
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak ere parte hartu du Haranbururen aldeko mobilizazioan, eta gogor salatu du terrorismoaren aurkako fiskaltzaren jarrera, Frantzia «giza eskubideen herria» dela gogora ekarrita. «Galdera egiten dut ea Frantziako Justizian ez ote dugun arazorik; ea Frantziaren parte honetan, [Ipar] Euskal Herrian gertatzen ari denaren aitzinean begiak ixten dituen pertsonarik ez ote dagoen fiskaltzan. Ezin dugun kontuan ez hartu lurraldeak zer diren eta zer mugimendu egiten dituzten. Ipar Euskal Herriko lehendakari gisa, Dei Auzitegiko magistratuei eskatzen diet kontuan hartzeko zer den Euskal Herriko egoera gaur egun, eta, azkenean, onartu dezatela Xistor Haranburuk baldintzapean aske geratzeko egin eskaera, eta, sinpleki, berrets dezatela lehen instantziako epaileek hartutako erabakia». Heldu den agorrilaren 31n, Euskal Elkargoko biltzarra eginen dute Baionan, elkargoko batzordeak osatu eta lehendakariordeak izendatzeko. Biltzarkideei euskal presoak babesteko mozio bat izenpetzea proposatuko diela iragarri du.
30 urteko zigorra
Uztailaren 9an aztertu zuten Senpereko (Lapurdi) presoa baldintzapean aske uzteko eskaera. Atzo, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak bat egin zuen defentsaren argumentuekin. 30 urte baino gehiagoko kondena beteta, Haranbururen zigorra «efektiboa» dela kontsideratu du, presondegian izan duen ibilbidea «ezin hobea» izan dela, eta ez dela egozten dizkioten delituak berriro egiteko arriskurik. Epailearen hitzetan, Haranburu askatzeak ez luke trabarik eraginen ordena publikoan, eta hainbat euskal hautetsik adierazi dioten sostengua eta Baionako prokuradorearen aldeko iritzia nabarmendu ditu. «Orain arteko helegiteetan, Haranburu askatzeak Espainian eragin lezakeen nahasmendua aipatzen zuen. Epaitegiaren ebazpenean emana da Haranburu Espainian zigortu izan balute jadanik aske legokeela», adierazi du Maritxu Paulus Basurko defentsa abokatuak.
Euskal presoaren osasuna ere aipatu du epaileak, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren garaian aske uztea komenigarria dela erranez.
Dei Auzitegiak atzoko ebazpena berretsiko balu, hemezortzi hilabetez eskumuturreko elektronikoa eraman beharko luke Haranburuk, eta zortzi urtez izango lituzke betebehar juridikoak. «Haren kondena osoki bukatzerako, 75 urte izanen lituzke», azaldu du Basurkok. Hala ere, helegitea aurkeztu du terrorismoaren aurkako fiskaltzak, eta gehienez ere bi hilabeteren buruan aurkeztu beharko dute. Defentsa abokatua «kezkatua» agertu da: «Orain arte, baldintzapean aske geratzeko eskaera guziak ukatu dituzte dei auzitegian, sistematikoki».