Parisko Krimen Auzitegian aritzeko ohitura du Veronique Massik. Federico Martin Arambururen hilketaren inguruko auzian Shaun Hegarty defendatzen du: biktima eta lekuko gisa deklaratu zuen atzo. Izan ere, Hegarty Arambururekin zegoen Loik Le Priolek eta Romain Bouvierrek tiro egin ziotenean. Lekukotasun hunkigarria eman du Hegartyk, «gertakarietan oinarrituta» mintzatzen saiaturik. Irailaren 7an hasi zen epaiketa, eta irailaren 25erako espero dute epaia. Massik, orain arte iragandakoari so eginda, uste du akusatuen defentsa «desesperatua» dela. Aste honetan azken lekukoek deklaratuko dute, eta datorren astean akusatuen galdeketa izanen da, baita fiskalaren eskaera eta abokatuen alegatuak ere.
Auziaren erdia iragan da. Zein da zure bilana?
Gauza asko gertatu dira jada. Erran nezake lehen astean tentsio arras handia izan dela. Auziko elementu objektiboak aztertu ditugu, eta elementu horiek fogak bildu dituzten eta azterketa xeheak egin dituzten polizia inkestagileek berretsi dituzte, hainbat lekukotasunen bidez.
Bestalde, baieztatu ahal izan dugu akusatuek ez dutela beren defentsa ildoa aldatu, eta itxurazko aitzakietan jarraitzen dutela; hau da, auzira etorri dira beren burua defendatu zutela erratera, hiltzeko gogorik ez zutela erratera, erailtzeko asmorik ez zutela erratera. Argi gelditu da.
Shaun Hegartyren abokatua zara, eta asteartean deklaratu zuen: leku berezia du, aldi berean biktima eta lekukoa baita. Nola bizi du?
Iragan astean eta bigarren aste honen hasieran biziki duin agertu da. Auzi gelan bere lekua badu, berak hautatua, eta egunero leku horretatik jarraitzen du auzia, arretaz, eta oharrak hartzen ditu. Garrantzitsua da beretako gertatzen denari eta erraten denari buruzko oharrak hartzea. Lan seriosa egiten du. Asteartean, azkenean, lau urte eta erdiz beha egonik, gau hartan bizi izan zuena kontatu ahal izan zuen. Eta uste dut astelehenean entzun ahal izan genituen testigantza guztien ildo beretik aritu zela. Errugbiaren munduko hurbilekoek, Federico Martin Arambururen ingurukoek, familiak, Arambururen amak... Horiek denak Federico pertsona alaia zela erratera etorri dira. Bizitza maite zuen, zubiak eraikitzen zituen, eta oro har ingurukoen bizia errazten zuen. Lekukotasun horiek izugarri hunkigarriak izan ziren. Eta Shaunen lekukotasuna ere hortik joan da. Federicoz mintzatzeaz gain, berak gau hartan bizitakoaz hitz egin du. Uste dut denek ikusi dutela bere istorioa kontatzeko erakutsi duen duintasuna. Ez du baitezpada bere minaz mintzatu nahi izan; gorteari adierazi dion bezala, harendako inportantea zen gertakarietan oinarriturik deklaratzea. Eta horixe egin du.
Nola prestatu du?
Lau urtez eramandako lan baten fruitua izan da haren lekukotasuna. Gertakarien oroitzapenak berreskuratu behar izan ditu, disoziazio bat bizi izan zuelako. Oso zaila egin zaio Federicoren hurbilekoekin elkartzean konturatzea ez zela gauza guziez oroitzen. Beraz, memoria lan hori egin du, eta epaimahaiaren aitzinean azaldu du. Hori zen egin nahi zuena, eta arras garrantzitsua zen beretako. Ez da dudarik: ongi egin du. Egia argitzeko bidean ezinbestekoa izan da.
Asteon, bestalde, Le Mabillon ostatuko terrazako lekukoek deklaratu dute.
Banaka-banaka etortzen ari dira ikusitakoa kontatzera. Baina ea, nik uste dut terraza horretako liskarra azken finean ez dela auziko gauzarik interesgarriena. Gertakari guzien abiapuntua izan zen, egia da, eta jendeak ulertu nahi du zer gertatu zen. Baina ez dut uste hori denik interesgarriena. Kasurako, psikologoak eta psikiatrak etorriko dira bihar eta etzi, eta datorren astean akusatuak entzungo ditugu. Arras interesgarria izanen da. Nahi dutena kontatzen ahalko dute.
Behin eta berriz azpimarratu duzu parte zibilen duintasuna...
Ez dago dudarik. Nire ondoan eserita dauden pertsona guziak oso duinak dira. Uste dut hori dela gehien agertzen dena. Eta kontraste handia dago beste aldean eserita daudenekin, akusatuen aldearekin. Aitzakiak bilatzen dituzte, gordeka ari dira, baita haien alde deklaratzera etorri direnak ere. Konturatu gabe, baieztatu digute guk haiseratik dioguna, Loik Le Priol eta Romain Bouvier gordezka ari direla: ez dute beren ideologia asumitzen, ez dute armekiko zuten lilura asumitzen... Eta lekukoei haien aurrekariei buruz galdetzen zaienean, zera erraten dute: «Ez dakit zer gertatu zen; nik Loik sinesten dut» edo «nik Romain sinesten dut».
Defentsa zailtasunez aritu zen iragan astean, ezta?
Ba, frogak ez daude haien alde. Shauni, adibidez, leporatu diote hiruzpalau izotzekin beteriko trapu bat arma gisa baliatu izana. Eta ulertzen dut horrek Shaun nardatzea, entzuteko jasanezina delako. Federicori lau tiro egin zizkion Bouvierrek, bi balak zauritu zuten, eta, hala ere, leporatzen diote Le Priol arribatu zenean bere burua defendatu izana. Surrealista da. Defentsa hasten denean eztabaidatzen galdetzeko ea trapuan bi edo hiru izotz ote zituen... defentsa desesperatu baten seinale da. Desesperatua, eta desesperagarria.