Anita Lopepe. EH Baiko bozeramailea

«Frogatu behar dugu abertzaletasunak zer ekartzen duen»

Euskal Hirigune Elkargoan diren EH Bairen hurbileko 43 hautetsiak saretzeko beharra azpimarratu du Lopepek. Estatutu bereziko lurralde elkargoaren eskaera mahai gainean ezarri nahi dute agintaldi honetan.

FRANÇOIS BERLAND.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 09a
00:00
Entzun
Herriko bozek indartuta hasi du ikasturtea EH Baik. Markatu dituzten erronkak aipatu ditu Anita Lopepe bozeramaileak (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1976).

Koronabirusaren krisiak baldintzatu ditu azken hilabeteak. Zeranalisi egiten duzue egoeraz?

Espero zitekeen kontzientzia pizte bat sortuko zuela, norabide politikoetan aldaketa batzuk. Baina Frantziako Gobernua betiko parametroetan ari da. Enpresa handiak diruz lagunduz, baldintzatu gabe trantsizio ekologikoan har litzaketen neurriei. Pribatizazio logikak segitzen du, erreforma liberal handiak ez dira zalantzan ezarriak... Krisi honek konfirmatzen du eredu nagusiaren porrota. Eta ondorioak biderkatuko direla aurreikusi daiteke.

COVID-19aren krisiak agerian utzi du Frantziaren zentralismoaren eta ibilmolde teknokratikoaren eraginkortasunik eza. Lurraldeetatik, jendeetatik hurbilen den kudeaketa erreaktiboagoa litzateke, aterabideak ere ekarriko lituzke. Konbentzitzen gaitu gure proiektu politikoan: atal guzietako burujabetza gero eta gehiagoren bila joan, lurraldeak ahaldundu, eta alternatiba ekologiko eta sozialetan behar dela sakondu.

Nola lortzen da burujabetza?

Ipar Euskal Herritik ikusita, martxan diren hainbat iniziatibatan sakonduz eraikitzen da, borroka sektorialetan: laborantzan, kontsumo ereduan, energia burujabetzan, eta beste. Lotura egiten dugu gure proiektu ezkertiar, elkarkide eta ekologikoaren eta Euskal Herriarentzat aldarrikatzen dugun burujabetza politikoaren artean. Lehen urratsa da estatutu bereziko lurralde elkargo baten eskumenez hornitzea.

Eskaera kasik desagertu da Euskal Elkargoa sortzearekin. Berriz mahai gainean ezarri nahi duzue?

Elkargoa sortu eta hiru urtera mandatu berri bat hasten da, zeinetan egiazki politika publikoak martxan emanen diren. Saihestu nahi dugu hori egunerokotasuna bilaka dadin, eta bazter dadin, ahantz dadin anbizio handiagoko instituzio bat eskatzen duela lurralde honek. Oraindanik gogoetatu behar dugu nola egin daitekeen jauzia elkargo horretatik lurralde elkargoaren eskemara. Eta hori ez da ebidentea.

Emaitza onak lortu zituzten bozetan EH Baiko kideek bultzatu zerrenda herritarrek. Abertzaletasunaren aitzinatze bat da?

Bai, dudarik gabe. Gero eta jende gehiagok partekatzen ditu abertzaleek urte luzeetan ekarri dituzten ideiak; hautagai anitzen programetan daude. Aitzinatzen gara gure proiektuan. Emaitza gero eta hobeak ditugulako, hautetsi gero eta gehiago ditugulako, hitzetatik ekintzetara pasatu behar dugu. Frogatu behar dugu abertzaletasunak herriko etxe batean zer gehiago ekartzen duen.

Euskal Elkargoko lehendakaritzarako Jean Rene Etxegarairi bidea libre utzi zion EH Baik. Zergatik hartu zuen erabaki hori?

Erabaki genuen abertzalerik ez aurkeztea elkargoko lehendakaritzan. Gure arteko eztabaida izan da ea egokia zen, momentua zen, abantaila ala arrisku gehiago zuen abertzale bat aurkezteak. Gehiengo batek erabaki du ez zela momentua, baldintzak ez zirela beteak. Beste mugimendu politiko edo sentsibilitate batzuek ere ez dute hautagairik aurkeztu. Horrek ez dio bidea zerratzen elkargoan ditugun hautetsiek egin dezaketen lanari, libertate osoz dosier batzuk defendatzeko, norabide batzuen kontra ere egiteko. Ondoko aste eta hilabeteetan antolatu beharko dugu.

Ez ote da arriskurik halako erabakiekin ezkerreko sinesgarritasuna zalantzan jartzeko?

Ezkerreko zilegitasuna frogatuko da ardurak dituzten gure hautetsiek eramanen dituzten politiken baitan, bai elkargoan, bai herriko etxeetan. Elkargoan gehiengoak ez dira osatzen akordio edo aliantza batzuen baitan. Indar politikoak ez dira antolatuak, eta, batzorde eragilea ezkerreko, eskuineko eta zentroko auzapez eta hautetsiz osatua da. Hautagairik aurkeztu ez badugu ere, ez da aliantzarik Etxegarairekin. Alde batetik, ez baitzen hori abertzaleek nahi zutena, eta, bestalde, hori ez baita posible hirigune elkargo baten konfigurazioan. Horretarako ere badugu erronka gure hautetsiak antolatzeko. Kolektiboki eta mugimendu politiko bezala funtzionatu nahi baitugu, bermatzeko gure proiektu politikoan diren norabideak, eta hautetsi abertzaleek elkargoan eramaten dituzten ekinbideak ber zentzura joaten direla, eta koherentzia politiko batean egiten direla.

Etxegarairen etxegabeen kontrako neurriak baliatu ditu Frantziako ezkerraren parte batek abertzaleen kontra egiteko.

Bai. Ezkerreko sektore batzuek erabiltzen dute edozein parada, ez EH Bairen kontra egiteko, baina sinpleki Euskal Herriaren proiektuaren kontra egiteko. Ipar Euskal Herrian gisa horretako arrazoinamenduak guztiz bazterrekoak dira azken denboretan. Baionan etxegabeen kontra hartu den erabaki hori biziki argiki salatu dugu, iruditzen baitzaigu ez dela batere bidea prekaritatearen problematikari buru egiteko. Zaurgarria den populazioaren parte bat estigmatizatzen du, eta errepresio bidez erantzuten. Elkargoan Etxegarai presidente izateak eta gobernuan abertzale batzuk izateak ez gaitu mututuko desadostasunak ditugularik adierazteko.

EH Bairen hurbileko 43 kide dira elkargoan. Nola antolatuko zarete?

Urte politiko honetan gure eginbehar nagusia hori da. Saretu behar ditugu, bermatuz informazioa heltzen dela guziengana. 43ez gain, gure xedea da herri hautetsi guziengana heltzea. Makineria handi horretan, gakoa da informazioa eta erabakien berri ukaitea. Bigarren lan bat izanen da elkargoaren baitan ikusgarri egitea mugimendu politikoa. Trenkatzekoa dugu forma, baina elkargoan ditugun hautetsiak antolatu behar ditugu norabide politiko batzuen inguruan.

Zer helburu duzue elkargoan?

Populazioak hurbiletik begiratuko du abertzale batek bere gain dituen politika publikoetan zer ematen den. Egunerokoan gero eta erabaki gehiago hartuko dira, gero eta iritzi gehiago emanen dira mozio batzuen bidez, eta guk horietan ere nahi dugu eragin. Eta arestian aipatua: gogoetak eta proposamenak ekartzea, oraindanik bide eman diezaion hirigune elkargoak estatutu bereziko lurralde elkargoari.

Azaroaren 7an biltzar nagusia eginen duzue ondoko hitzordu elektoralak zehazteko.

Departamenduko hauteskundeetan zer formatan aurkezten garen trenkatu beharko dugu. Ez dugu dudan ezartzen presente izanen garela modu batean edo bestean, biziki emaitza onak egin genituelako aitzineko aldian. Jakin behar da departamenduko hauteskundeetan aurkeztea Pauera hautetsiak bidaltzea dela, baina, aldi berean, instituzio horren eskumenak Ipar Euskal Herrira ekarri nahi ditugu. Hor bada pedagogia lan bat egiteko, bi mezu horiek ez direla kontrajarriak errateko. Horrez gain, eskualdeko hauteskundeak izanen dira egun berean. Ez gara sekula aurkeztu, aski ezinezkoa da guretzat: zerrendak aurkeztu behar dira departamendu guzietan, eta aurrekontua zazpi milioi eurokoa litzateke. Hala ere, gogoeta eraman nahi dugu jakiteko beste aukerarik izan daitekeen. Aukera guziak irekiak dira, eta eginahal militanterekin eztabaidatu nahi ditugu egun hauetan hasten diren tokiko bilkuretan, eta azaroaren 7an trenkatuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.