Furgoneta baten gidari bat hil da gaur Kuartangon (Araba), merkantzia tren batek harrapatuta. Ezbeharra 14:50ean gertatu da, Bilbo eta Miranda Ebro (Burgos, Espainia) arteko trenbidean, Kuartangoko Aprikano kontzejuan dagoen pasagunean. Trenbidearen toki hori baimenik gabeko igarobidea da, eta seinaleztatuta dago.
Hori dela eta, lineako zirkulazioa eten egin da, eta plan alternatibo bat ezarri dute errepidetik, bidaiarien garraioa bermatzeko. Adifek ikerketa abiatu du istripua zergatik gertatu den zehazteko. Ez dute argitu gidaria lanean ari zen ala ez.