52 urteko gizonezko bat hil da gaur goizean trafiko istripu batean. A-124 errepidearen 62,9. kilometroan gertatu da ezbeharra, 11:00ak aldera, Guardia parean (Araba).
Gizona furgoneta bat gidatzen ari zen, Gasteizko noranzkoan, eta ibilgailua bidetik atera da. Errepide ondoko arekan erori eta iraulita geratu da. Larrialdi zerbitzuen arabera, gidaria istripua gertatu den tokian bertan zendu da, kolpeak eragindako zauriengatik.
Istripuaren ostean, Ertzaintzak errepidea itxi du, eta auto pilaketak sortu dira. Ikerketa abiatu dute, zer gertatu den argitze aldera.