Oroimen historikoaren esparruan Espainiako Gobernuak azken urteetan izandako jarrera aldatu nahi du PSOEk eta, horretarako, frankismoak fusilatu zituenen gorpuzkiak aurkitu, identifikatu eta hobitik ateratzeko egitasmo bat prestatu nahi du datozen urteetarako. Hori egin ahal izateko, hobien egungo kokapenari eta egoerari buruzko txostena eskatu dio Francisco Etxeberria auzi medikuari.
Txostena abendurako egonen da prest, eta Etxeberriaz gainera, hainbat adituk ere parte hartuko dute datu bilketan. "Helburua da gaur egungo egoera ikertzea, informazioa biltzea eta, horrekin, Espainiako Gobernuak erabakiak hartu ahal izanen ditu, datorren urtetik aurrera", azaldu dio auzi medikuak BERRIAri.
Espainiako Gobernuaren nahia da, oroimen historikoari dagokionez, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearen agintaldian eginiko lana gainditzea eta, horretarako, Euskal Herrian eginiko lana hartuko dute eredu gisa: "Adituen eskarmentua baliatu nahi dute, eta horrekin batera, aintzat hartuko dute azken urteetan Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta beste komunitate batzuetako administrazioek eginikoa".