36ko gerra

Fusilatuen Senideen Elkarteak 206 gorpu aurkitu ditu Nafarroan 2003tik

Elkarteko kideek memoria historikoari buruzko legea onar dezala eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

edurne elizondo
2013ko otsailaren 1a
20:01
Entzun

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak 45 hobi aztertu ditu 2003. urtetik, Aranzadiko kideekin batera. Haietan 206 gorpu aurkitu dituzte, eta haietako 121 atera dituzte lur azpitik. 88 jada haien senitartekoen esku dira. Fusilatuen senideen elkarteko bozeramaile Joseba Ezeolazak eman ditu datuok gaur, Iruñean egindako agerraldian. Lanean jarraitzeko asmoa agertu du elkarteak, eta nabarmendu du 36ko gerrako fusilatuena "gizarte osoaren arazoa" dela. "Gizarteak egin behar dio aurre", erantsi du, eta hobiak eta gorpuak bilatzen jarraitzeko lan horretan esku har dezatela eskatu die erakunde publikoei.

Nafarroako Parlamentuari, hain zuzen ere, eskaera zehatza egin die Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidente Olga Alcegak: "Presta eta onar dezala memoria historikoari buruzko legea, senideon aldarrikapenak kontuan hartuta". Ezeolazak gaineratu du ezin dela onartu oraindik ere ehunka nafar desagertuta egotea. Hobiak aurkitu eta gorpuak lur azpitik ateratzeko lana ez dela erraza azaldu dute elkarteko kideek, eta erakunde publikoen parte hartzeak erraztuko lukeela gaineratu dute. Momentu honetan Urbasan dagoen hobi bat aztertzen ari dira fusilatuen senideak. "Hiru gorpu daudela badakigu". Salamancan ere (Espainia), badute hobi bat bilatzeko asmoa. "Nafarren hobia erraten diote hango eremu bati; ustez Iruñetik eramandako presoak daude han fusilatuta eta lurperatuta". Iruñeko espetxeko artxiboak aztertzeko zailtasunak salatu dituzte, eta zeregin horietan memoria historikoari buruzko lege bat izateak anitz lagunduko lukeela erantsi dute.

Ezkaban ere zailtasunak ugariak dira, Ezeolazak nabarmendu duenez. Hango hilerrian dauden gorpu guztiak identifikatu dituzte jada, baina lan hori zailagoa da gotorlekuaren inguruan fusilatutako presoen kasuan. "Hil zituzten tokian lurperatu zituzten; hobiak daudela badakigu, baina oso zaila da gorpu horiek identifikatzea". Identifikatu gabeko fusilatuen gorpuentzat, hain zuzen ere, toki bat zehaztu dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari. "Iruñeko hilerrian bertan egon daiteke toki hori; edo Ezkabakoa fusilatu guztiak omentzeko hilerri bilaka dezakete", proposatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.