Ertzaintzak arratsaldean baieztatu duenez, Gaizka Etxebarriarena da gaur goizean Sopuertan (Bizkaia) aurkitu duten gorpua, lurperatuta. Ertzaintzaren arabera, hil egin zuten, lau tiro botata, diru kontuengatik. Gorpua aurkitu ostean, autopsia egin diote medikuak. Horretaz gain, haren sendiari deitu diote identifikaziorako, eta ondoren eman du albistea Ertzaintzak.
Hilaren 11tik zegoen Etxebarria (30 urte) desagertuta. Bilbon bizi zen eta haren emazteak salatu zuen desagerpena. Gizonezkoa azkeneko aldiz Sopuertan ikusi zuten -auto bat saltzera joan zen-. Bilbotik 30 bat kilometrora dago herri hori.
Heriotza horrekin lotuta hiru pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak: 21 eta 20 urteko bi gizonezko eta 19 urteko emakumezkoa. Hain zuzen, atzo gauean atzeman zituen.
San Cristobal mendian aurkitu dute gorpua. Ertzainek diotenez, hiru lagun haien deklarazioari eta Ertzaintzako zakurrei esker topatu dute.
Gizartea