GAKOAK

2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Listeria kasuak bakterio batek eragiten ditu: listeria monocytogenes baziloak. Bakterio horren hamahiru serotipo mota ezagutzen dira. Bereizgarri dute tenperatura aski hotzetan ere zabaltzen direla. Hona eragiten dituzten osasun arazoen inguruko jakingarriak:

Larria izan daiteke. Aparteko osasun arazorik gabeko pertsonen artean, sukarra izan daiteke listeria kasuen sintoma bakarra: gripe baten antzeko zerbait. Emakume haurdunen kasuan, ordea, fetuari erasaten dio bakterioak, eta abortuak eta haurra jaio osteko osasun arazo larriak agertzen dira sarritan. Adinekoek eta sistema immunologikoa ahuldua duten pertsonek, halaber, memingoenzefalitis eta septizemia kasuak izan ditzakete, eta, horien ondorioz, heriotza ere bai.

Ez da bat-batean agertzen. Behin bakterioarekin kutsatuta, inkubazio aldia aldakorra izaten da: 3-70 egun artekoa. Batez beste, 21 egun behar izaten dira sintomak agertzeko. Badira bakterioa duten pertsona asintomatikoak ere. Pertsona horiek hilabeteak behar izaten dituzte baziloa guztiz kanporatzeko. Antibiotikoen bidez tratatzen da.

Elikagaiak dira transmisio bidea. Listeriosia eragiten duen bakterioa elikagaien kontsumoaren bidez heltzen da pertsonengana. Prestatutako hainbat elikagai klase izaten dira normalean: pateak, esnekiak... Pasteurizazio prozesurik egin gabeak izaten dira, eta, behin erosita ere, bere horretan kontsumitu ohi direnak. Listeria karga handia behar da eritzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.