Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, Unai Ziarreta EAkoak, Kontxi Bilbao EBko legebiltzarkideak eta Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak aurkeztu dute Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari lau alderdien izenean bidali dioten gutun irekia.
Eusko Legebiltzarrak onartutako Galdeketa Legearen kontra Espainiako Gobernuak hartu dituen neurriak direla-eta igorri diote eskutitza, eta, besteak beste, Legearen etetea bertan behera uzteko eska diezaiola Auzitegi Nazionalari exijitu diote.
Aipatutako lau alderdien arabera, "inposaketa" da Galdeketa Legea behin-behinekoz bada ere bertan behera utzi izana. Era berean, "ahalik eta lasterren" bilera eskatu diote Espainiako gobernuburuari.
Nolanahi ere, EAJren, EAren, EBren eta Aralarren galdeketaren aldeko ekimena ez da gutun horretara mugatuko. Iragarri dutenez, Espainiako Gobernuak eta PPk galdeketaren kontra Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegiteei alegazioak aurkeztuko dizkiete elkarrekin. Abuztuaren 6an joango dira lau alderdietako ordezkariak Konstituzionalera alegazioak aurkeztera.
Politika
Galdeketaren kontrako neurriak bertan behera uzteko eskatu diote Zapaterori EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek
Espainiako presidenteari bidali dioten gutun irekiaren berri eman dute alderdi horietako buruzagiek Bilbon. Halaber, Auzitegi Konstituzionalean Galdeketa Legearen aldeko alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu