Espainiak torturaren aurkako hitzarmena urratu duela adierazi du Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Torturaren Aurkako Komiteak. Era horretan, Orkatz Gallastegiren abokatuek bere garaian aurkeztu zuten salaketari erantzun dio NBEk. «Hitzarmenaren 12. artikulua urratu zuten, tortura salaketen ondoren ikerketa azkar eta inpartzial bat ez egiteagatik», Gallastegiren abokatu Julen Arzuagak azaldu duenez.
15. artikulua ere urratu dutela salatu dute abokatuek, «torturapean egindako autoinkulpazio batean oinarritu zutelako Orkatzen aurkako epaia». Horregatik, frogak lortzeko bidea dudan jarri dute, eta horrek «epaia ere kutsa dezake», Arzuagak azaldu duenez. Hori dela eta, abokatuak «gustura» agertu dira NBEk egindako ebazpenarekin.
Behin erabakiaren berri eman eta gero, Torturaren Aurkako Komiteak 90 egun eman dizkio Espainiako Gobernuari azal dezan zein eratako ordaina emango dion Gallastegiri. Era berean, abokatuek «mugimenduren bat bultzatzeko» neurri judizialak aurrera eramatea aztertzen ari dira.
Arzuagak azaldu duenez, Espainiak beste hiru salaketa dauzka Torturaren Aurkako Komitearen aldetik: Encarnacion Blanco, Kepa Urra eta Josu Arkauzen kasuenak. «Orain arte Espainiak inoiz ez du ezer egin torturaren aurkako hitzarmena urratzeagatik», esan du. Horregatik, abokatuak beldur dira Gallastegiren kasuan, NBEren eskutik etorritako ebazpenari «entzungor» egingo ote dioten berriz ere.
2002an atxilotu zuten
Orkatz Gallastegi berangarra (Bizkaia) 2002. urtean atxilotu zuen Ertzaintzak, beste bost gazterekin batera, kale erasoekin zerikusia zutelakoan. Iratxe Urizar abokatuak azaldu duenez, «lau egunez inkomunikatuta egon zen ertzainen eskuetan, eta tortura fisiko eta psikologikoak jasan behar izan zituen». Inkomunikazio epea beteta, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten, epailearen aurrera. «Bertan torturak salatu zituen, eta Poliziaren aurrean egindako hiru deklarazioak ezeztatu zituen». Lehenengo bietan kale erasoetan parte hartu izana aitortu zuen Gallastegik, eta hirugarrenean Jose Maria Lidon epailearen hilketan parte hartu izana.
Tortura salaketa egin ondoren, Gasteizko instrukzio epaitegiak «txosten forentseak bakarrik eskatu zituen, eta, haren lekukotza entzun gabe, auzia artxibatu egin zuen», Urizarren esanetan. Erabakia errekurritu eta berriz ere artxibatuta geratu ostean, Auzitegi Konstituzionalera jo zuten Gallastegiren abokatuek; «ez zuten tramiterako onartu». Azken neurri gisa, NBEren Torturaren Aurkako Komitera jo zuten, eta hark arrazoia eman die.
Gallastegiren tortura salaketa ez ikertzea leporatu dio NBEk Espainiari
NBEk salatu du Espainiak torturaren kontrako hitzarmeneko 12. eta 15. artikuluak urratu dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu