Milatik gora lagunek parte hartuko dute egun hauetako Game of Thrones (Tronuen jokoa) telesailaren grabaketetan. Nafarroako Bardeako Castildetierra monolitoa eta ondoan dagoen aintzira izango dira grabazio gune nagusiak. Handik metro gutxira jarri dituzte hainbat karabana, aktoreek eta langileek bertan atseden hartu dezaten. Telesailak berak ia 300 pertsona mugitzen ditu, besteak beste, aktore, teknikari eta langileen artean. Horiez gain, 800 bat estrek lan egingo dute datozen egunotan. Uztailean Tuteran 3.500 lagunetik gora joan ziren HBO produktorak deitutako castingean.
Daenerys Targaryen pertsonaia antzezten duen Emilia Clarke aktoreak berak atzo Instagramera igo zuen Erriberrin ateratako argazki bat.