"Garai berria era egokian ez kudeatzea" egotzi dio PSEk Jaurlaritzari

2014ko urriaren 20a
13:22
Entzun 00:00:0000:00:00

ETAk jardun armatua eten zuela iragarri zuen egunaren hirugarren urteurrenean, egungo egoeraz jardun du Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Radio Euskadin. "Erabateko normalizazio fasea" ez dela amaitu uste du: "Elkarbizitza eraikitzea falta zaigu, eta hori denon ardura da".

Zentzu horretan, alderdiei eskatu die "eskuzabalago" jokatzeko, adibidez, bake planarekin. Eusko Legebiltzarreko bake lantaldean, berriz, "adostasun zabalagoa" lortzeko ahalegina egin dezala eskatu dio PSE-EEri: "Zuzendaritza berria nork osatzen duen ikusita, agian izan beharko genuke itxaropen apur bat".

EH Bilduri, berriz, "zoru etikoaren" balizko birformulazio baten aurrean diskurtso "bipolarra" izatea leporatu dio Atutxak: "Hasier Arraizi entzuten diot eta diskurtso bat entzuten dut, baina gero beste bozeramaile batzuei entzuten diet eta bestelako diskurtso bat entzuten dut".

PSE-EEren iritziz, ordea, Eusko Jaurlaritza ez da ongi kudeatzen ari ETAk jardun armatua eten osteko "garai berria", Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEko bozeramailearen esanetan. "Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak ahaztuak" daudelakoan, "atsekabea" azaldu du Romerok, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio "aitor eta balioetsi" ditzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.