«Garai hartan, inoiz baino zaurgarriagoa nintzen; abusuen ostean, berriz, inoiz baino zaurituago nengoen»

Beste gazte batek salatu du Bilboko argazkilari baten sexu abusuak jasan izana; BERRIAri emandako lekukotzaren arabera, duela hamar urte gertatu ziren erasoak. Argazkilari horren kontrako bigarren salaketa da.

BERRIA
BERRIA
gotzon hermosilla
2025eko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Otsailaren 7an, ezusteko handia hartu zuen Endikak —izen asmatua da— BERRIAren webgunean aktualitateari errepasoa egiten ari zitzaiola. Erreportaje baten izenburuarekin egin zuen topo: «Urte asko igaro ondoren hasi nintzen konturatzen nitaz abusatu zutela». Hor, gizonezko batek adingabea zelarik jasandako sexu abusuen berri ematen zuen, eta 80ko hamarkadan Bilbon oso ezaguna zen argazkilari bat salatzen zuen abusuen egiletzat.

«Izoztuta geratu nintzen. Barruan zerbaitek krak egin zidan». Endika oporretan zegoen, bikotekidearekin, eta, hasieran, ez zuen albiste osoa irakurtzerik izan, lehenengo orduetan edukia BERRIAlagunentzat gordeta egon zelako; Euskal Herrira itzulitakoan BERRIAlagun den adiskide bati sarbidea eskatuko ziola pentsatu zuen. Biharamunean, baina, erreportajea mundu guztiarentzat irakurgai egon zen BERRIAren webgunean: «Irakurri ahala, barrutik hautsiz joan nintzen; hura nire auzia ere bazen».

Endikak salatu duenez, hark ere abusatzaile beraren erasoak pairatu zituen. Gauza asko errepikatzen dira bi kasuetan: erasotzailearen jokabidea, gaztetxoak erakartzeko bere estatusaz baliatu izana, erasoaren nolakotasuna eta abar. Baina desberdintasun garrantzitsu bat ere badago: lehenengo salaketa 1989an izandako gertaerei dagokie, eta Endikarena 2014. eta 2015. urteetakoa da. 25 urte daude bi salaketen artean.

«Nik hamar urte eman ditut hau lantzen», azaldu du Endikak, «eta argi nuen salatu egin nahi nuela, baina erabakia etengabe atzeratzen nuen, beldurragatik, segurtasun faltagatik... Banekien delituak hamar urtera preskribatuko zuela, preskripzioaren eguna gero eta gertuago zegoen, eta pausoa eman gabe jarraitzen nuen. Erreportajea irakurtzeak indarra eman zidan urratsa egiteko». Otsailaren 24an, salaketa jarri zuen Ertzaintzaren polizia etxean, eta, epailearen deiari erantzunez, haren aurrean berretsi zuen geroago. Orain, bere bizipenen lekukotasuna eman nahi izan du BERRIAn.

Kontzertu batean

2013ko otsailean, Endika lagun batekin joan zen Itziarren Semeak taldeak Bilbon eman behar zuen kontzertu batera. 16 urte bete gabea zen orduan. Kontzertuan, argazkilari batek haiengana jo zuen, eta baimena eskatu zien argazki batzuk egiteko. Baietz esan zuten, eta hark argazkiak egin zizkien.

«Nik oso oroitzapen ona nuen kontzertu hartaz, eta hurrengo egunetan sarean ibili nintzen, ea argazki horiek aurkitzen nituen, eskuratu nahi nituelako, baina ez nituen topatu». Handik urtebetera, argazkilaria berriro ikusi zuen Durangon, beste kontzertu batean, eta galdetu zion ea urtebete lehenago egindako argazki horiek lortzeko modurik ba ote zegoen. Helbide elektronikoak trukatu zituzten, eta horrela hasi zen haien arteko komunikazioa sare sozialen bidez. Handik gutxira, argazki bakarra bidali zion, eta Bilbon elkartzea proposatu zion argazkilariak gaztetxoari, erretratu gehiago emateko aitzakiarekin.

«Niretzat, bera zen manifestazio eta kontzertu guztietan zegoen argazkilaria», esan du Endikak. «Ni garai hartan ikasle mugimenduko kidea nintzen, eta hura ezker abertzalearen argazkilaritzat identifikatzen nuen. Berak ere sinetsarazten zizun zerbaiten parte zela, bazela nor ezker abertzalean, hala ez bazen ere. Horretaz gainera, niretzat adineko pertsona bat zen, gizagaixo itxurako agure maitagarri bat, nolabait esateko. Inoiz ez nuen pentsatuko abusatzaile bat zenik».

Hurrengo hilabeteetan, harremanetan jarraitu zuten sare sozialen bidez, eta, azkenean, 2014ko urrian, Endika Bilbora joan zen, argazkilariarekin elkartzera, erretratu horiek lortzeko asmoz. Ustez, argazkilariak jatetxe batean bazkaltzera gonbidatu behar zuen, baina, azkenean, etxera eraman zuen. Han, gauza arraroak sumatu zituen: bazkaldu aurretik, gaztea komunera joan zen, eta, han zegoela, argazkilaria sartu egin zen. «Ez nion garrantzirik eman; orain badakit oker bat izan zela».

Bazkaltzen ari zirelarik, elkarrizketa sexuaren inguruko gaietara lerratu zuen etxeko jabeak: sexu harremanak, erekzioa izateko arazoak eta abar. Une jakin batean, zakila atera zuen. «Ez nekien nola erreakzionatu, eta saiatu nintzen hura normala balitz bezala jokatzen».

«Abusuen biktima izan zarela konturatzea, hori onartzea, eta salatzeko indarrak biltzea oso prozesu luzea da»

Ordenagailuaren aurrean paratu ziren, eta han, elkarri bidalitako mezuak ezabatzeko eskatu zion argazkilariak: «Esaten zuen txakurrek kontrolatu egiten gintuztela. Saiatzen zen guztiari klandestinitate kutsu bat ematen; horrekin ere jokatzen zuen, ni bezalako nerabe batentzat hori liluragarria zelako». Horretan ari zirela, argazkilariak buruan eta sorbaldan laztantzen zuen, eta harentzat «ilobatxo bat bezalakoa» zela esaten zion. Baina, zenbait aitzakia jarrita, azkenean ez zizkion argazkiak eman.

2015eko urtarrilean, Endika antsietate arazoak izaten hasi zen: «Nik beti pentsatu dut hura gure etxean zegoen egoeraren ondorioa zela, garai hartan nire senide batek osasun arazo larri bat izan zuelako, baina orain uste dut etxe hartan gertatutakoak ere zerikusia izan zuela». Psikologo baten laguntza bilatu zuen, eta terapian hasi zen.

Martxoan, eta argazkiak behingoz lortzeko asmoz, berriro elkartu zen argazkilariarekin Bilbon. 18 urte bete berriak zituen. Argazkilariak etxera gonbidatu zuen, opari batzuk egin zizkion urtebetetzearen aitzakiatan, eta esan zion zeuzkan arazoekin «lagundu» egingo ziola. Pelikula pornografiko bat jarri zuen, prakak jaitsi zizkion eta felazio bat egiten hasi zitzaion: «Guztiz blokeatuta geratu nintzen». Abusatzaileak esan zion hura zela horrelakorik egiten zuen lehenengo aldia, eta hari «laguntzeko» asmo bakarrarekin egiten zuela. Blokeotik ateratzea lortu zuenean, altxatu eta etxe hartatik alde egin zuen Endikak

Gaztea ziur dago orduan zituen arazo psikologikoak baliatu zituela abusatzaileak erasoa egiteko: «Garai hartan, inoiz baino zaurgarriagoa nintzen; etxe hartatik ateratakoan, berriz, inoiz baino zaurituago», esan du, gertatutakoa laburbiltzeko.

Endikak dioenez, erasoa egin aurretik bidali zizkion mezuetan, erasotzaileak behin baino gehiagotan nabarmendu zuen gazteak 18 urte bete berriak zituela eta aurrerantzean «bere ekintzen arduradun» izango zela. «Biktimaren psikologiaren ikuspegitik, ez dago inolako desberdintasunik erasoa pairatzen baduzu 18 urte betetzen dituzun egunean edo aurreko egunean. Legearen ikuspegitik, aldiz, oso desberdina da: ez da gauza bera adingabe bati edo adinez nagusia den bati eraso egitea. Berak hori bazekien, eta horrek are amorru eta nazka gehiago sortzen dit, pentsarazten didalako aldez aurretik ongi pentsatutako erasoa izan zela».

Hurrengo hilabeteetan, erasotzaileak Endikari mezuak bidaltzen jarraitu zuen. Horietako batzuetan, tonu amultsu eta lagunkoia erabiltzen zuen; beste zenbaitetan, ordea, mehatxu ere egiten zion, eta berak egindako argazkiak partekatzekotan arazoak izango zituela iradoki.

Bihotza gelditu

Erasoa gertatu eta bi urtera, Endika haurren kontrako abusuak prebenitzeko hitzaldi batera joan zen, orduan egiten ari zen ikasketen osagarri. Hizlariak abusuen sintomez emandako azalpenak entzundakoan «bihotza gelditu» egiten zitzaiola nabaritu zuen Endikak: «Orduantxe konturatu nintzen abusatua izan nintzela, biktima nintzela».

Endikak dioenez, une hori «oso gogorra» izan zen, baina, neurri batean, «askatzailea» ere bai: «Ordura arte, nazka sentitzen nuen, eta erruduntasun sentimendu moduko bat. Biktima nintzela konturatzeak on egin zidan». Baina orduan, beste prozesu bat hasi zen.

2019an, bidaia batean, ezagutu berri zuen neska batek aitortu zion osaba batek abusuak egin zizkiola. Horrek adorea eman zion bere kasua ere kontatzeko: «Estreinako aldia izan zen. Ordura arte, ez nion inori kontatu». Geroago, lagun min bati kontatu zion, eta bikotekideari ondoren. Azkenean, psikologo baten laguntza bilatu zuen.

Hamar urte iraun duen prozesu luzea izan da. Hain zuzen ere, hamar urtekoa da mota horretako delituek preskribatzeko epea. Endikari «gutxi» iruditzen zaizkio. «Abusuen biktima izan zarela konturatzea, hori onartzea, kontatu ahal izatea, eta salatzeko urratsa egiteko indarrak biltzea oso prozesu luzea da. Askotan, sexu erasoak pairatu dituzten emakumeei salatu ez izana aurpegiratzen diete, baina erabaki horrek zailtasun handiak ditu».

«Daukan adinarekin, badakit ez dela espetxera joango, baina egindakoa aitortuko balu, niretzat oso sendagarria izango litzateke»

Bide luze horrek bazuen azken helmuga: salaketa aurkeztea. Gazteak hamar urteko epe hori amaitu baino lehen egin nahi zuen, baina, delituak preskribatuko zuen eguna hurbildu ahala, beldurrak eta zalantzak ugaritu egiten zitzaizkion. 2022ko urtarrilean kontu anonimo bat zabaldu zuen sare sozialetan, biktima gehiago topatzeko eta haien testigantzak jasotzeko. Helbide horren bitartez, pertsona bat jarri zen harekin harremanetan: BERRIAk otsailaren 7an argitaratutako erreportajean lekukotza emandako gizonezkoa, alegia. Eta hitz egiten hasi ziren.

«Nik uste dut elkarrekin hitz egiteak lagundu ziola hari bizi izandakoa BERRIAri kontatzen, eta hark BERRIAn lekukotza eman izanak lagundu didala niri salaketa jartzen», azaldu du. «Ez da gauza bera amildegira salto egitea, edo azpian sarea duzula jakitea». Azkenean, salaketa jarri zuen, delituak preskribatu baino egun batzuk lehenago.

Endikak ez daki zer gertatuko den salaketarekin; dioenez, ez du «ilusio faltsurik» egin nahi. Baina argi dauka zer nahiko lukeen: alde batetik, auzibidea lagungarri suertatzea zauria sendatzeko prozesu horretan. «Nik erruduntzat jotzen duen paper bat egotea nahiko nuke. Horrek balioko luke nire bizitzaren atal hau atzean uzteko eta beste bati ekiteko. Zigorrik? Ni konforme egongo naiz justiziak erabakitzen duenarekin. Niretzat, ideala izango litzateke berak egindakoa aitortzea. Daukan adinarekin, badakit ez dela espetxera joango, baina egindakoa aitortuko balu, hori niretzat oso sendagarria izango litzateke».

Eta, beste aldetik, Endikak nahiko luke bere salaketa pizgarri izatea antzeko egoerak bizi izan dituztenentzat. Dioenez, ondo daki bide zaila dela eta norberak erabaki behar duela zelan kudeatu: «Errespetuz hartzen dut hitz egin nahi ez dutenen hautua». Baina orain arte plazaratu diren bi salaketak hain antzekoak izateak pentsarazten dio ez direla bakarrak izan, eta harentzat pozgarria litzateke biktima gehiagok urratsa egingo balu.

Azken buruan, sufrimendua atzean uztea du xede nagusi: «Gure gizartean badirudi eraso baten biktima izan bazara biktima zarela bizitza osorako, eta kategoria horretan sailkatuta geratzen zarela. Nik ez dut horrelakorik nahi; behin bizitza izorratu zidan, eta ez dut nahi behin eta berriro izorratzerik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.