Portugalen, 1974ko apirilaren 25ean, kolpe militar baketsu batek —krabelinen iraultza bezala ezagutzen dugunak— Oliveira Salazarren diktadura erortzea eta ezkerra boterearen jabe izatea eragin zuen. Hilabete gutxi batzuk geroago jausi zen Grezian gobernatzen zuen diktadura militarra ere.
1975eko azaroaren 20an, gaixotasun luze baten ondoren, 83 urte zituela ohean hil zen Franco, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante hilarazi eta bi hilabetera. 1975eko urriaren 1ean, Juan Carlos printzea ondoan zuela, bota zuen bere azken «adierazpen nazionala», Madrilgo Plaza de Oriente beteta zegoela.
Oraintxe izango balitz bezala gogoratzen dut Espainiako telebistan Arias Navarroren aurpegi patetiko hura, malko jario eta guzti, «Españoles…Franco ha muerto» iragarri zuenean. Euskal Herriko txokoetan berriak negar egiteko ez, baino festa erraldoi bat pizteko balio izan zuen.
Francoren heriotzak garai zalantzati bati hasiera eman zion: alde batetik sistemaren irekiera politikoaren itxaropena, eta bestetik, inboluzioaren beldurra. Britainia Handian eta Estatu Batuetan gertatzen ez zen bezala, 1970eko hamarkadako krisi ekonomikoaren ondoren Europa mendebaldean ezkerreko gobernuak mantendu ziren, eta bazirudien testuingurua nolabaiteko irekieraren aldekoa zela. Baina Espainian, ia lau hamarkadako diktaduraren ondoren, boterea Juan Carlos Borboikoa izendatutako delfinaren eskuetara pasatu zen.

Diktadorea desagertzea benetako haustura izan zen, nahiz eta erregimenaren krisialdia 1970eko hamarkadan hasita egon eta Carrero Blancoren 1973ko abenduko atentatuak krisi hori areagotu. Egun batzuk geroago, Juan Carlos tronuratzeak inflexio puntu bat ekarri zuen etorkizuneko itxaropenetan. Nahiz eta egitasmo politiko berriaren egiazko abiadak 1976ko uztailean Adolfo Suarez gobernu berriaren buru jarri arte itxaron.
Hego Euskal Herrian, diktaduraren aurkako herri mugimendua 1960ko hamarkadatik indartua zegoen bai langile mugimenduan, bai kulturan eta hizkuntzan, baita indarkeria politikoan ere, nahiz eta erregimenak inongo gupidarik gabe erantzun. ETA mugimenduak, bere barne ika-mika eta zatiketetatik haratago, eragin handia izan zuen abertzaletasunaren garapenean.
1973ko apirilean Poliziak Txikia hil zuen tiro bat emanda. Hura omen zen ETAko fronteak batuta mantentzeko kide bakarra. Frankismoaren errepresioak eta tarteka zuzendaritzak jasaten zituen kolpeak murrizteko ETAren barne egiturak sinplifikatzeko beharra ikusi zuten. Fronte bakoitzaren autonomia bilatu zuten. Hala, Langile Fronteak (Fronte Kulturalari batu zitzaion) eta Fronte Militarrak ETAren barneko bi korronte nagusi ordezkatu zituzten berehala. Langile Frontea Euskal Herriko fabriketan LAK (Langile Abertzale Komiteak) garatzeari erabat emana zegoen. Bien arteko sokatiran bigarrena atera zen garaile.
Bitartean, diktadurari askorik falta ez zitzaiola uste zutenak gero eta gehiago ziren, eta kezkatzen hasiak ziren laster ireki zitekeen testuinguru demokratikorako prestatzeko beharraz. Orduan Langile Fronteak Fronte Militarra kritikatu zuen, politikarako garaiak zetozela eta masa erakundeak garatu behar zirela azpimarratuz. Kritikari erantzunez, erakundearen zuzendaritzak Langile Frontea osatzen zutenak kanporatu zituen. Haiek Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia sortu zuten 1974ko abuztuko I. Batzarrean. Hilabete gutxi batzuk beranduago, ETA bi adarretan banatu zen: ETAm eta ETApm.
1976ko uztailean, Franco hil eta hilabete batzuetara, ETApm, LAIA, EHAS, LAK eta LABek gutxieneko programa bat —KAS Alternatiba— egokitu zuten zetorren egoera berriari aurre egiteko. 1976ko bukaeran ETAm-k KASen koordinazioa onartu zuen, baina integratu gabe. Geroago elkartu ziren EIA eta ASK. EIA ETApm-ren VII. Batzarrean sortutako alderdia zen.
KAS Alternatiba 1976ko abuztuaren 30ean aurkeztu zuten, Iruñean. Euskal Herriaren demokratizaziorako zazpi gutxieneko baldintza aipatzen ziren: askatasun demokratikoak ezartzea, amnistia, langileen eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko neurriak hartzea, talde errepresiboak desegitea, Euskadiren Burujabetza Nazionalaren aitorpena —horrek berekin dakarren euskal herritarren xede nazionala eta berezko Estatu bat egiteko eskubidearekin batera—, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa hartuko zituen behin-behineko autonomia estatutu bat berehala eratzea, eta estatutu horren esparruan Euskadiko behin-behineko gobernu bat osatzea.
Hurrengo hilabeteetan, batik bat amnistiak, talde errepresiboak desegiteak eta langileen aldarrikapenek Euskal Herriko kaleak jendez gainezka jarri zituzten.
Iñaki Dorronsoro Plazaola (Ataun, Gipuzkoa, 1947) ingeniari industrial erretiratua da; 1973an amaitu zituen ikasketak. Ampon hasi zen lanean, eta, nagusiki, Mondragon taldean osatu du bere ibilbide profesionala. Irakasle aritu da Deustuko, Lancasterreko eta Mondragon unibertsitateetan, eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari izan zen 2012tik 2020ra.