Pasabideak eta gela gehienak hutsik daude, oraindik ere. Ikasturtea ez da hasi Barañaingo (Nafarroa) IKAko Sahats euskaltegian. Irakasleak, ordea, lanean dira jada. Joxerra Olano (1962, Azkoitia, Gipuzkoa) EGA ateratzeko prestatzen ari den ikasle taldearekin ari da, buru-belarri. Ikasturte berriari ekinen dioten ikasleei, berriz, urriaren 6an eginen die harrera. Hil horren 1ean hasiko dira Gasteizko euskaltegian. Hango arduraduna da Gurutze Sarasola (1968, Beasain, Gipuzkoa). Berezia izanen da aurtengo ikasturtea bientzat. Bai eta IKAko gainerako kideentzat ere. Hogeita bosgarrena izanen baita.
1989-90eko ikasturtean hasi zuen IKA koordinakundeak bere bidea, AEKren barnean haustura gertatu eta gero. AEK-ko irakasle izan ziren Olano eta Sarasola ere. Arabako Errioxan hasi zen Olano irakasle lanetan. Eta handik etorri zen Nafarroara. IKA sortu aurreko ikasturtean egin zuen Sarasolak bat AEKrekin. Orduko «tentsioa» ekarri dute gogora biek. «Gauzak egiteko bi modu baziren; barne funtzionamendua ulertzeko bi modu». Eta horrek, azkenean, haustea ekarri zuen. «Gogorra izan zen, haustura guztiak bezala», erran du Olanok. Elkarlanean aritzeko gai izan dira bi erakundeak, hala ere. Hasieran bezala, orain ere. Hori nabarmendu dute IKAko arduradunek. «Beti izan dugu argi elkarrekin egin behar genuela lan», azaldu du Sarasolak.
«Euskal Herria euskalduntzen laguntzeko» sortu zen IKA. Eta zeregin horretan «garaipen txikiz osatutako bidea» egin dutela nabarmendu du Olanok. «Milaka lagun euskaldundu ditugu», azaldu du. «Begirada atzera bota, eta gauza asko ondo egin ditugula uste dut; zer hobetu izango da, eta horretan jarraituko dugu», erantsi du Sarasolak.
Nafarroan eta Araban ari da IKA lanean, 1989. urtetik. Erreferentziazko hamar zentro ditu euskaltegiak, baina hamar egoitza horiek hartzen dituzten hirietatik eta herrietatik harago ere badu eraginik euskaltegiak, bertze hainbat tokitako ikasleak ere hartzen baitituzte IKAko irakasleek. Iruñerrian, 500 ikasle inguru izaten ditu IKAk. Gasteizen, berriz, 3.000.
«Aldea nabarmena da; administrazioaren jarrera ere bestelakoa da Iruñean eta Gasteizen», erran du Sarasolak. Araba eta Nafarroa bertze hainbat kontutan hain ezberdin ez direla gaineratu dute IKAko kideek. «Gipuzkoarekin edo Bizkaiarekin alderatuta, herrialde erdaldunagoak dira; eta demografiaren aldetik ere, bada antzekotasunik, bada hurbiltasunik», azaldu du Sarasolak.
Euskaltegia bere inguruko beharretara egokitzeko beharra nabarmendu du Gasteizko arduradunak, ildo horretan. «Zentroen autonomia garrantzitsua da horretarako. Elkarlanean aritzen gara, baina tokian tokiko errealitatea kontuan hartuta».
Nafarroan, sosik jaso gabe
Administrazioaren laguntzak jasotzen ditu IKAk Araban. Hala ere, egoera ez dela «normalizatua» argi utzi du Gasteizko euskaltegiko arduradunak. Nafarroan, berriz, 2012ko urritik, sosik ez dute jaso herrialde horretako euskaltegiek. Ez IKAkoek, ezta AEK-koek ere. Egoera horrek izan du eraginik euskaltegietako irakasleen lan baldintzetan. Aurrera jarraitzeko «konpromisoari» eutsi dio, hala ere, Joxerra Olanok.
Konpromiso horren garrantzia nabarmendu du, hain zuzen ere. Hasitako bidean urratsak egiten jarraitzeko borondate horren garrantzia. Bide horretan herritarrak lagun izan dituztela argi utzi dute IKAko kideek. «Hasieratik jaso dugu herritarren babesa, eta horrek erakutsi digu ondo ari garela lanean», erran du Olanok.
Lehen ikasturtea ekarri dute gogora Sarasolak eta Olanok. «Ilusioz beteta ekin genion lanari», nabarmendu dute biek. «Aurreko urteetan sortutako talkek eragindako tentsioaren zama gainetik kendu genuen; eta herritarren erantzuna oso ona izan zen. Lasaigarria eta pozgarria izan zen hori», azaldu du Barañaingo irakasleak.
Geletatik at da egun Sarasola, arduradun lanetan. «Irakasle izango naiz beti, ordea. IKAko kide guztiak gara irakasleak. Beti». Eta irakasle den aldetik, euskaltegira euskaraz hitzik ere jakin gabe ailegatu zenarekin euskaraz hitz egin ahal izatea da gehien betetzen duena. «Polita da hori. Heldu asko euskaldundu ditugu, eta haiekin euskaraz hitz egin ahal izatea, edo ikasle horiek irakasle bilakatzea, hori bikaina da. Euskara ikastea lortu ez dutenen artean ere jarrera aldaketak sumatzen dira, eta hori ere bada urrats bat».
Iritzi horrekin bat egin du Olanok, erabat. «Euskara irakastea lanbide bilakatu dugu, baina ez da nolanahiko lanbidea. Soldata baino gehiago jasotzen dugu. Guk ikasleei ematen diegu, baina haiek ere asko ematen digute».
25 urte egin dituzte Olanok eta Sarasolak IKAn. Baina argi utzi dute hasierako ilusio bera dutela. Hasierako lanerako grina bera. Hasierako konpromiso bera. Ospatzeko gogoz ere badira IKAko kideak. Bihar, Gasteizen herri lasterketa mistoa eginen dute, 11:30etik aurrera. Sei kilometroko ibilbidea prestatu dute. Hilaren 20an, berriz, bertso saioa izanen da Atarrabian, Igor Elortza, Sustrai Colina, Julio Soto, Amets Arzallus eta Jon Maiarekin. 19:00etan hasiko da.
Euskara. Euskaltegietako matrikulazio kanpaina
Garaipen txikiz egindako bidea
Urrian hasiko den ikasturtea hogeita bosgarrena izanen da IKArentzat. Euskaltegiko irakasle izan dira hasieratik Joxerra Olano eta Gurutze Sarasola. Azken urteotako lanari egin diote so.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu