Lokarriren bukaera. Aitziber Blanco. Lokarriko kidea sorreratik

«Garbi dago herrietan bizikidetza lantzen segitu behar dela»

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Aitziber Blanco (Bilbo, 1972) 2001ean sartu zen Elkarri-n, eta Lokarrin hasieratik egon da, 2006tik, herritarren sarea atzo desegin zen arte. Azkeneko hiru urteetan herrietan bizikidetza lantzen aritu da. Badu asmoa horretan segitzeko.

Lokarrin zergatik hasi zineten herrietan bizikidetza lantzen?

Lokarrik sorreratik izan du lan ildotzat bizikidetza, baina bereziki 2012an hasi ginen lantzen. Ordura arte berradiskiditzea hitza erabiltzen zen asko, eta ohartu ginen bizikidetzak oztopo gutxiago sortzen zituela. Gure egitasmoei izendapen hori ematen hasi ginen, edukiak antzekoak ziren arren.

Zer sumatu zenuten jendearengan, biktimengan?

Bazutela gogorik atzera begiratzeko eta urteetan bizi izandakoari aurrez aurre so egiteko, ez bakarrik norberak bere sufrimenduaren berri emateko, baizik eta baita besteen testigantzak entzuteko ere. Azken batean, eta Glencree egitasmoan ikusi zen, sufrimendua pairatu duten lagunek nahi dutena da gizartean desberdinen arteko topaguneak sor daitezela, elkar hurbiltzea ahalbidetzeko.

Zenbat herritan aritu zarete lanean?

Publikoki, batean: Tolosan. Eta modu diskretuan, beste batzuetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaritzak diru laguntzak emanda, herrialdean hamazazpi udal ari dira bizikidetza lantzen; Lokarri haietako batzuetan izan da, eta Baketik eta Bakeola ere ari dira.

Zer onura du diskrezioak?

Hasieran lasai hitz egiteko konfiantza eta lasaitasun giro bat izatea beharrezkoa da, eta hori diskrezioak bermatzen du. Elkar entzuteak eta errespetua izateak egundoko garrantzia dauka.

Noiz ikusten da egitasmo bat jendaurreko egin daitekeela?

Tokian tokiko lana nola doan ikusi behar da, eta elkarrizketa esparru bakoitzak ikusi behar du noiz egin publiko. Lokarrik orain arte gune haien koordinazio eta erraztaile lana egin du. Haiek dira protagonista. Udalek baliabideak jartzen dituzte, baina gero ez dira sartzen foroko kontuetan.

Zein dira elkarrizketa esparruak?

Bi daude: zuzenean edo zeharka indarkeria pairatu duten herritarren artekoa da esparru bat, eta alderdi politikoena bestea. Edukiak ez dira oso desberdinak, baina bakoitzak bere bidea dauka.

Zuen kasuan, zein izan dira bilguneko lehendabiziko lanak?

Foroaren gutxieneko oinarriak adostea izan ohi da aurreneko eginkizuna: diskrezioa izatea, baldintzak, helburuak...

Zer-nolako giroa egon da aurreneko bileretan?

Biktimek elkar ezagutu bai baina harremanik ez badute, konfiantzarik eza egon ohi da, aurreiritziak izaten baitituzte. Urduritasuna ere izaten da, edo segurtasunik eza ere bai, ez dakitelako zer entzungo duten, nahiz eta jakin zertara doazen.

Zer biktima mota daude herrietako esperientziotan?

Indarkeria mota guztiak pairatu dituztenak, oro har.

Zerekin harritu zara?

Biltzen hasi eta oso denbora gutxira barru-barruko bizipenak kontatzen hasten dira sufrimendua bizi izan dutenak. Azkar soltatzen dira. Prozesuan une garrantzitsua izaten da hori.

Zein da bukaerako helburua?

Oso gizarte pluralean bizi garela eta elkarrekin bizi behar dugula ondorioztatzea. Geu ere joan gara ikasten, eta ez da jakiten prozesua nola eta non amaitu daitekeen. Foroetan adostutakotik beste pauso batzuk eman daitezke etorkizunean.

Lokarritik zenbat lagun aritu zarete herrietan?

Maialen Lizarralde eta biok.

Eta zuen lan hau zertan geratuko da gaurtik aurrera, Lokarri desagertu dela eta?

Herrietan bizikidetza lantzen segitu behar dela garbi dago. Lokarrin zeregin hauetan ibili garenok pentsatu beharko dugu jarraitu ala ez. Neuk segitzeko asmoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.