Ezker Batuak Arabako Biltzar Nagusietan dituen bi biltzarkideek Xabier Agirre EAJko hautagaia ahaldun nagusi izatea ahalbidetuko dutela espero du Mikel Arana EBko koordinatzaileak, baina babes hori proposamen «argi eta publiko» batean oinarritzeko eskatu die bi biltzarkideei. Haren ustez, bi biltzarkideek «iluntasunez» jokatudute azken egunotan, akordioak karguen truke eskainiz.
Radio Euskadin egin ditu adierazpenok Aranak. Jakinarazi duenez, bihar bilera bat egingo du EBko Arabako zuzendaritzarekin, eta bilkura horretan erabakiko dute EAJri zer eskatu Agirreri botoa ematearen truke. Hala ere, EBren konpromisoa ahaldun nagusia izendatzeko besterik ez dela argitu du Aranak, eta ez dutela gobernu akordiorik egingo: «Ez dugu bestelako konpromisorik onartuko, hori gardentasunez egin beharreko gauza da».
EAJ, zain
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak adierazi duenez, ez du EBk Arabako Biltzar Nagusietan egingo duenaren berri. EB «nahi duena egiteko libre» dela esan du Urkulluk, baina ez badu Agirre babesten ahaldun nagusia PPko hautagai Javier de Andres izango dela ohartarazi dio. Dena den, EBk hartuko duen erabakiaz fidatzeko arrazoirik ez duela adierazi du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak jakinarazi du «gehien bozkatutako zerrendaren alde» egingo duela eta, beraz, PPko hautagaiaren alde bozkatuko duela. Bilduk iragarri duenez, EAJko hautagaiari emango dizkio bere 11 botoak. Hortaz, EBren bi biltzarkideak erabakigarriak izango dira Arabako ahaldun nagusia izendatzeko orduan.
Gardentasuna eskatu die Aranak Arabako EBko bi biltzarkideei
Aranak azaldu du EBk Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusi izatea ahalbidetuko duela baina ez haren gobernua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu