Zortzi urte geroago, Nafarroak beste Gardentasun Lege bat izango du. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak euren gehiengoa baliatu dute, eta hainbat aldaketa ezarri dizkiote informazio publikoa jasotzeko eskubidea arautzen duen legeari. Berritasun nagusietako bat da jardun publikoan eragin nahi duten enpresek eta interes taldeek izena eman beharko dutela, eta OANA Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Nafarroako Bulegoa arduratuko dela lan horretaz.
Azaroaren 12an plazaratu zuen lege proiektuaren edukia Nafarroako Gobernuak, eta hilabeteotan bere bidea egin du parlamentuan. Emaitza: aldeko 30 boto jaso ditu, eta kontrako hemeretzi. Gaur goizean egindako eztabaidan, PSNko, EH Bilduko, Geroa Baiko eta Zurekin-eko ordezkariek lege erreformaren aldaketa nagusiak defenditu dituzte. Besteak beste, PSNko Kevin Lucerok nabarmendu du eragileen eta instituzioen arteko harremanetan «gardentasuna» bermatzeko urrats garrantzitsu bat egin dela OANAren jarduna lan horretara ere bideratuta: «Elkarrizketa legitimoa da, baina ikusgarria, erregistratzeko modukoa eta arautua izan behar du, erabaki publikoek ezin baitute elkarrizketa pribatuen itxura izan».
Ez da legeak dakarren aldaketa bakarra. Gardentasun Kontseiluaren osaera aldatu egingo dute, eta hamabi kidetik zortzira murriztuko da: kontseiluko presidenteaz gain, Nafarroako Gobernuko Gardentasun atalak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Kontuen Ganberak, Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioak, Arartekoak, Nafarroako Kontseiluak eta Nafarroako Parlamentuak ordezkari bana aukeratu ahal izango dute. Lehen, legebiltzarrak lau ordezkari izendatu ahal zituen, eta orain bakarra jarri ahalko du. Gainera, bermatu egingo da kideen gutxienez %40 emakumeak izatea, eta kideek kontseiluan iraungo duten epea ere murriztu egin da, sei urtetik laura.
Aldaketa horiek defenditu ditu Lucerok, baita EH Bilduko Irati Jimenezek eta Geroa Baiko Blanca Regulezek ere. Azken horrek adierazi du «gardentasun sistemak» organo independenteak daudenean soilik existitzen direla, eta hori dela Gardentasun Kontseiluak izango duen lana. Horregatik, ontzat jo du «izaera teknikoa» bultzatzea, kideen artean profil politikoak baztertu eta tekniko-juridikoen alde eginda.
Zehazki, Gardentasun Kontseiluaren egitekoa da administrazioaren ebazpenei aurkeztutako erreklamazioak kudeatzea, gardentasun arloko prozedurak modu egokian betetzen direla bermatzea eta neurriak betetzen ez dituztenak zigortzea. Orain, lege proiektuak haren autonomia indartu nahi du. Kontseiluak zaindu egingo du gobernuek parlamentariei eta hautetsiei eskatutako informazioa emango dietela.
Gardentasunaren eta konfidentzialtasunaren arteko erlazioa ere arautzen du lege egitasmoak. Informazioa jasotzeko betebeharra zehazten du, baina mugak ezartzen ditu datu pertsonalei dagokienez. Edozein pertsona fisikok edo juridikok salaketa aurkeztu dezake Gardentasun Kontseiluan, baldin eta uste badu administrazio prozedura batean publizitate arauak urratu direla. Gainera, salaketa jarri duen horren konfidentzialtasuna gordeko da hura nor izan den identifikatu ez dadin, eta kontseiluak bi hilabeteko epean azalpen arrazoitu bat eman beharko dio.
Gainera, orokorki, informazioa jasotzeko eskubidea bermatuko da, baldin eta datu pertsonalak babesteko legediarekin talka egiten ez badu. Polizien kasuan, kideak kode edo zenbaki profesional batekin identifikatuko dira. Era berean, gobernuko goi kargudunen eta zuzendarien agendak eta bilkurak argitaratuko dira. Administrazio publikoa behartuta egongo da esatera zein den bilkuraren helburua, kargudun horiek norekin bilduko diren eta zer gai landuko duten.
Herritarren eskubidea
Aldaketa horien atzean asmo jakin bat dagoela azaldu du Jimenezek. EH Bilduko ordezkariak nabarmendu du herritarrek informatuta egon nahi dutela, eta horretarako eskubidea dutela: «Administrazioak zer egiten duen jakiteko, eta politika publikoetan parte hartu ahal izateko». Bide horretan, uste du oinarri sendo bat ezarri zela 2018an onartutako legearekin, baina gehitu du hutsuneak ere badituela: haren hitzetan, horietako batzuk agerian geratu dira adjudikazio publikoen inguruko ikerketa batzordean. Horiek horrela, aurrera begirako lan bat ere ezarri du: adi erreparatzea ea gobernuak legea betetzen duen.
Zurekin Nafarroako Miguel Garridok, berriz, gogoratu du gardentasuna sustatzea ez dela «keinu altruista» bat, erakunde demokratikoen «betebehar» bat baizik: «Instituzioak, demokratikoak badira, jendearenak dira; beraz, duten informazioa ere bai». Hark aitortu du lege proiektua ez dela «iraultzailea», baina uste du balioko duela jardun praktikoa onbideratzeko eta kontrabotereak ezartzeko.
Beste iritzi bat dute kontra bozkatu duten hiru alderdiek: UPNk, PPk eta Voxek. UPNko Marta Alvarezek kritikatu du lege proiektua gobernuaren jardun «iluna» estaltzeko «propaganda» dela. Alderdi erregionalistako kideak Nafarroako Gobernuari egotzi dio egungo Gardentasun Legea ez betetzea. Zehazki, kritikatu du ez dutela ematen zerbitzu publikoak jasotzeko eta etxebizitza babestuetarako itxaron-zerrenden berri, ezta instituzioaren ondasunen inbentarioaren edota goi kargudunek jasotzen dituzten oparien berri ere. «Iluntasun» horren adibide gisa aurkeztu du Iruñeko Udaleko zentsura mozioa ere, horretarako PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanen irudi bat erakutsita.
Bide berean, PPko Maribel Garciak azaldu du legearen erreforma aztertzeak «zentzua» izan dezakeela baina gobernuak bere jarduna «zuritzeko» baliatu nahi duela. Zehazki, Gardentasun Kontseiluaren egungo egoerari erreparatu dio. Batetik, haren baliabide falta salatu du. Bestetik, ez du ontzat jo gobernuak auzitara jo izana haren erabakien aurrean.