Beste euskal preso bat baldintzapean aske geratu dela jakinarazi zuen atzo Etxerat elkarteak. Garikoitz Arruarte Santacruz da; ia hogei urte egin ditu espetxean, 2003ko abendutik.
Arruarte 2020ko uztailean hurbildu zuten Almeriako (Espainia) espetxetik Soriakora (Espainia), eta 2021eko apirilean Euskal Herriratu. Iruñean egin ditu azken bi urteak.
Beste bi euskal preso ere utzi zituzten aske atzo. Bata Gorka Loran Hernaniko presoa da (Gipuzkoa) —Arruarterekin batera atxilotu zuten—, eta baldintzapean aske geratu da; hogei urtez egon da preso. Bestea Itxaso Zaldua da; 2020an atxilotu zuten, Aragoiko PPko presidente Manuel Gimenez Abaden 2001eko hilketarekin lotuta. Mikel Karrerarekin epaitu dute, Madrilen; fiskaltzak 30 urteko espetxe zigorra eskatu du bientzat. Atzo, ordea, bertan behera utzi zuten Zaldua behin-behinean espetxeratzeko agindua.