Laurence Le Vert Frantziako epaileak kartzelara bidali ditu bart Garikoitz Aspiazu eta Leire Lopez, ETAko kideak izatea leporatuta. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) dio biak atzo eraman zituztela epailearen aurrera eta ez zutela deklaratu. Aspiazu La Santeko espetxera bidali du Le Vertek, eta Fresneskora Lopez. Astelehen goizean atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Cauterets herriko etxe batean, eta bi pistola atzeman zizkiela esan zuen.
Le Vertek bi sumario ireki ditu Aspiazuren kontra. Alde batetik, gaizkile taldeko egozten dio, atxiloketa unean armak eta agiria faltsua zeramatzalakoan, eta ETAko zuzendaritzan kokatzen du. Bestetik, Capbretongo (Frantzia) atentatuan sumarioan agertzen da Aspiazu (bi guardia zibil hil zituen ETAk 2007ko abenduaren 1ean, tiroz: Raul Centeno eta Fernando Trapero), baina ez parte-hartzaile bezala. "Alegia, Frantziako epaitegien arabera, ez zuen parte-hartze zuzena izan Capbretongo gertaeretan. Ez dago kausa horretan inputatua", dio AAMk.
Lopezi sumario bat ireki dio epaileak, eta gaizkile taldeko kide izatea leporatzen dio.
Bestetik, AAMk dio bi kideek ukatu egin dutela atxiloketa unean etxean haxixa zutela, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan zuen bezala -ehun gramo zituztela zioen honek-. "Gezur hutsa da haxixa aurkitu zietela. Inongo sumariotan ez da horren inguruko ezer agertzen, Rubalcabak asmatu duen gezur handi bat da".
Atxiloketak
Garikoitz Aspiazuk ez zuen Capbretongo atentatuan parte-hartze zuzena izan, epailearen arabera
Laurence Le Vertek kartzelara bidali ditu Leire Lopez eta biak, ETAko kide izatea egotzita. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio sumarioan ez dela agertzen bi haiek atxiloketa unean haxixa zutenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu