Garitanok, EAJri: "Miseria gorrira bultzatzen ari zarete gustuko ez dituzuen egunkariak"

Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du  "ondorio oso larriak" izan ditzakeela laguntzen murrizketak. Patxi Baztarrikak Euskadi Irratian nabarmendu du irizpide aldaketarekin euskararen erabilera sustatzea dutela xede.

2014ko urriaren 22a
07:25
Entzun

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Batzar Nagusietan mintzatu da euskal hedabideentzat Jaurlaritzak zehaztu dituen diru laguntzez. Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak zuzenean eman du agerraldiaren berri:

Garitanoren arabera, "larri" dagoen enpresa bati, "ehundik gora langile dituen enpresa talde bati, eraso" diote. "Ehundik gora langile dituen enpresa bat merkatutik kanpo utzi nahi duzue". Markel Olanok uko egin dio Garitanoren hitzei erantzuteari batzar nagusietan: "Eusko Legebiltzarrari dagokio".

Garitanok gaineratu duenez, hark zuzentzen duen gobernuak ez lioke "sekula santan" horrelakorik egingo Gipuzkoako enpresa bati. Iragarri du "kinka larrian" dauden hedabideentzat laguntzak izango direla; "digitalizaziorako, 800.000 euro".

Baztarrika: "Egotekotan, diskriminazio positiboa dago"

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskadi Irratian esan duenez, "diskriminazioa" egotekotan "diskriminazio positiboa" egon da hedabideei diru laguntzak ematerakoan. Gogoratu du euskal hedabideen aurrekontuaren %18 laguntzen duela Jaurlaritzak, eta BERRIAren kasuan "aurrekontuaren %21" dela. 1,3 milioi euro jasoko ditu BERRIAk —%14 gutxiago—, "euskararen erabilera sustatzeko egiten duen lanagatik".

Baztarrikak dioenez, euskararen "erronka" erabilera sustatzea da: "Inportanteena da guztiona den diruarekin nola atera zukurik handiena euskararen erabilera sustatzeko". Gaineratu du tokiko informazioa "iaz baino kopuru handiagoetan" atera dela. "Ez dugu ezagutzen tamaina honetako diru laguntzak ematen dituenik", esan du.

Jaurlaritzak ohar baten bidez adierazi du diru laguntzak banatzean hedabideen "eraginkortasuna" lehenetsi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.