Uda baino lehen Espainiako Estatuko zentral nuklearrei "erresistentzia probak" egingo dizkietela iragarri du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramaileak. Estatuan sei zentral daude, eta haietako bat Garoñakoa da —Burgosko herrialdean dago, Arabatik gertu-gertu—. "Sei horietako batek ez baditu eskakizunak betetzen, utzi egingo dio funtzionatzeari", esan du ministroak.
Rubalcabaren arabera, ordea, "erabateko segurtasuna" eskaintzen dute estatuko zentralek, eta inguruko herrietako larrialdi planak ere seguruak dira.
Eusko Legebiltzarrak joan den martxoan berriro eskatu zuen Garoñako zentrala ixteko —EAJk, PSEk, Aralarrek, Ezker Batuak eta EAk egin zuten horren alde—. 1971n ireki zuten zentrala, eta 2013ko uztailaren 5ean itxiko du Espainiako Gobernuak.
Martxoaren 11ko lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz Fukushimako (Japonia) zentral nuklearrean izandako hondamendiak politika energetikoaz eztabaida zabaldu du munduan.