Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) ixteko «arrazoi faltsuak» erabiltzen ari direla salatu du Araba Garoñarik Gabe plataformak. Ixteko arrazoi nagusia «segurtasunik eza» eta Europak ezarritako baldintzak betetzeko egin beharrekoak lituztekeen inbertsioak direla nabarmendu du Alberto Frias plataforma horretako bozeramaileak. Ordea, egoera hori argindarraren merkatuaren aldaketarekin estali nahi izan dutela salatu du.
Garoñako zentralaren inguruan azken asteetan sortu diren berriak baloratzeko eta larunbatean egingo duten ekitaldia aurkezteko, agerraldi bat egin zuen, atzo, Araba Garoñarik Gabe plataformak. Zentral nuklearraren ustiapen baimena luzatzeko aukerari sinesgarritasuna kendu zion Friasek, agerraldian.
Haren ustez, ez litzateke bideragarria izango Garoñak lanean jarraitzea, Nuclenorrek, horretarako baldintzak betetzeko,140 milioi euroko inbertsioa egin, eta zentralak denbora luzean geldirik egon beharko lukeelako. Hortaz, 2013ko uztailaren 6an itxiko duten itxaropena agertu du. Dena den, Friasek gaineratu du Garoña ixteko garaia 2011n erabaki zela, Fukushimako zentral nuklearraren istripua gertatu zenean, hain justu.
Bestalde, zentral nuklearra eraisteko diru publikoa erabiliko dela salatu du plataformak, zentrala martxan egon den bitartean irabaziak enpresa pribatu batek hartu dituen arren. Zentrala itxiko bada, Enresa enpresa publikoa egingo da lanen kargu.
Ospakizunak larunbatean
Araba Garoñarik Gabe plataformak hainbat ekitaldi egingo ditu larunbat honetan, zentrala itxiko dela ospatzeko. Nik ere itxi nuen lelopean, ekitaldi bat egingo dute 20:00etan, eta hortik aurrera, Alde Zaharrean murgilduko dira, non bertsolariak, txalapartariak, antzerkiak eta bestelako ekintzak izango baitituzten.