Garraio publikoko deskontuei eusteko eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek diputazioari

EH Bilduk aurkeztu du mozioa, eta batzar nagusiek onartu egin dute, foru gobernua osatzen duten alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— kontra bozkatu duten arren.

Lurraldebus autobus bat, Astigarragan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Lurraldebus autobus bat, Astigarragan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko urriaren 9a
16:30
Entzun

Urtarrilaren 1etik aurrera garraio publikoaren deskontua kenduko dutela iradoki du azkenaldian Oscar Puentek, Espainiako Gobernuko Garraio ministroak. Iradokizun bat da, eta erabaki baten zain daude Hego Euskal Herriko erakundeak, haiengan ere eragina izango baitu. Ildo horretan, gaur pauso bat eman dute Gipuzkoan. Batzar Nagusiek foru aldundiari eskatu diote garraio publikoan dauden %50eko deskontuak mantentzeko 2025etik aurrera. EH Bilduk aurkeztu du mozioa, eta Batzar Nagusiek onartu egin dute, foru gobernua osatzen duten alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— kontra bozkatu duten arren.

Orain arteko deskontu politikaren ordez, erabiltzailearen araberakoa izango den prezio politika bat ezarri nahi du Puentek. Hau da, maiz bidaiatzen dutenentzat, «ekonomikoki ahulagoak direnentzat» eta gazteentzat neurriak egongo direla dio. Iragarpen horrek Hego Euskal Herriko garraio publikoaren prezioak ere baldintzatuko ditu. Orain arte %50eko deskontuak egon dira, eta Eusko Jaurlaritzaren asmoa da deskontu horiei eutsi ahal izatea. Asmotik harago, ordea, ez dute askorik zehaztu.

Gaurko oso bilkuran, EH Bilduko batzarkide Oskar Bordesek esan du garraio publikoaren tarifak «oso lagungarriak» direla. «26 milioi bidaiariko kopurura iritsi gara, iazko urtean baino %15 gehiagora. Horregatik, hurrengo urteetan deskontuak mantentzea ezinbesteko neurri gisa ikusten dugu». PSE-EEko batzarkide Alberto Albistegiren ustez, berriz, «bideraezina» da. Izan ere, gaur egun Espainiako Gobernuak garraio publikoaren %30eko deskontua egiten du, eta aldundiak osatzen du beste %20. Horregatik, Albistegik uste du finantzatzeko arazoak izango dituztela. EAJ ere bat dator PSE-EEren tesiarekin.

2022ko irailean, Espainiako Gobernuak erabaki zuen Renfen eta hirien arteko autobusetan deskontuak ezartzea. Esaterako, Renfek aldiriko bidaietarako doako abonu batzuk jarri zituen eskura, baina, hori eskuratzeko, 10 euroko bermea ordaindu behar zen. Urte amaierarako hamasei bidaia eginak izanez gero, aurreratutako diru hori itzuli egiten zitzaion erabiltzaileari. Tokiko erakundeek aukera izan zuten, deskontu horrez gain, %20ko beste deskontu bat ezartzeko. Euskotrenen zerbitzuetan, adibidez, baldintza berak ezarri zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %50eko deskontua. 

Ministroaren zain

Nafarroako garraio zerbitzuetan —txanpon-txartelekin eta aldi baterako abonuekin ordaindutako bidaietan— , berriz, %50eko deskontua ezarri zuten. Berta Miranda Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak esan du oraindik goiz dela erabaki bat hartzeko. «Gure lehentasuna herritarrentzat kalitatezko garraio zerbitzua eskaintzea da, ministroaren erabakia zein den jakin dugun arte».

Mugikortasunarekin lotutako eskumen asko diputazioen esku daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta haiek ere ari dira erabakiak hartzen. Araban, BAT txarteleko tarifen gainean ezarri zen %50eko beherapena. Arabako Foru Aldundiak deskontu hori mantendu nahi du, eta bidaia kopurua kontuan hartuko duen «deskontu eredu propio bat» sortu. Jon Nogalesek, Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak, azaldu du garraio publikoaren erabilera areagotu egin dela aurten — iazko urtearekin konparatuta, %15 —. Gazteentzako eta «talde ahulentzako» deskontuak hobetzea proposatu du. 

Bizkaian, aldi baterako txartelen eta Creditrans tarifen prezioak erdira murriztu zituzten, baita Bizkaibusen zerbitzuetan Barik txartel arruntaren bidez egindako bidaietan ere. Eusko Jaurlaritzak jartzen duen %20a mantentzea erabakitzen baldin badu, bonu horiek —Bilboko metroan, Bilbobusen eta Bizkaibusen erabil daitezke, esaterako— beherapena izango dute. 

Gipuzkoako Lurraldebus zerbitzuetan ere, Mugi txartelarekin erdi prezioan bidaiatzeko aukera ezarri zuten. Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi du txartelaren deskontu sistemaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela. «Finantzatu egin behar dugu, eta garraio publikoaren kalitatezko sistema bat izateko baliabideak bilatu behar dira». Gogorarazi du Gipuzkoak baduela deskontu sistema bat Mugi txartelaren bitartez «kolektibo ahulenak» kontuan hartzen dituena, eta esan du Jaurlaritzaren erantzuna horien alde egiten jarraitzea dela. Dena dela, eztabaida dago deskontu sistemaren inguruan, gaur Batzar Nagusietan ikusi ahal izan den moduan.

Ministroak urtearen amaieran emango du bere erabakiaren berri. Hego Euskal Herriko erakundeei zuzenean eragingo die, baina, bien bitartean, deskontuekin eta laguntzekin jarraitzeko asmoa erakutsi dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.