EAEn «gobernu aldaketa bati» bide eman ahal izateko, «ezkerreko hiruko baten» bueltan «bildu» beharko lukete Ahal Dugu-k, EH Bilduk eta PSE-EEk. Hori uste du Pilar Garrido alderdi morearen EAEko adarraren idazkari nagusi izateko hautagaiak, eta, hain zuzen, bat egite hori izango du helburu. Hautagaitza aurkeztu du gaur, baina ez du jakinarazi zeintzuek osatuko duten 20ko zerrenda. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia izango da horietako bat —«protagonista» izango dela esan du hautagaiak—, eta Gorrotxategik berak, hain zuzen, Garridok planteatutako helburu bera plazaratu izan du.
Bideokonferentziaz egindako agerraldian adierazi duenez, helburu nagusia izango da «herri batasuneko benetako mugimendu bat» sortzea «eredu alternatibo»» batekin. Haren arabera, mugimendu horrek «gizarte zibil antolatuarekin» lotuta egon beharko luke.
Garridori iruditzen zaio helburu horiek lortzeko ahaleginean Ahal Dugu dela EH Bilduren eta PSE-EEren arteko akordioak lortzeko «zubia». Gogoratu du hori agerian geratu zela atzo, «berriro», Espainiako Kongresuan, PSOEk, UP Unidas Podemosek eta koalizio independentistak lan erreforma indargabetzea adostu zutelako. «Unidas Podemos egongo ez balitz, itun horiek nekez egingo ziren. Argi dago bere bazkide sozialistaren eta EH Bilduren artean akordioak ehuntzeko gai dela».
Alderdiaren zuzendaritzan ahalik eta sektore gehien bildu nahi ditu Garridok, baina Lander Martinez aurreko idazkari nagusiaren taldekoak ez dira zuzendaritzan egotekoak. Maiatzaren 28ra arte dago irekita hautagaitzak aurkezteko epea, baina, hautagai independenteren bat primarioetara aurkeztuta ere, Garridorena izango da irabazteko aukerak edukiko dituen bakarra.
Hurrengo idazkari nagusia aukeratzeko bideokonferetzia bidezko kanpaina ekainaren 9tik 17ra egitekoa da; militanteak ekainaren 12tik 17ra dira telematikoki bozkatzekoak, eta, ondo bidean, ekainaren 19an argitaratuko dituzte emaitzak.